“Bultza euskaltegiak! Bultza euskara!” ekimena abiatu du AEKak korrikaren hutsunea betetzeko

Martxoaren 28ko eguerdiko 12:00etan ekitaldiak egingo dira Irunen eta Hondarribian

Osasun egoera dela eta 2021ean egitekoa zen Korrika atzeratu behar izan dute antolatzaileek. Korrikak utzitako hutsunea betetzeko asmoz, “Bultza euskaltegiak! Bultza euskara!” izeneko dinamika abiatu du AEKak, euskalduntze-mugimenduaren garrantzia plazaratzeko. Era berean, martxoaren 28rako zenbait ekitaldi antolatu dira Euskal Herri mailan eta horietako batzuk Bidasoa eskualdean bertan egingo dira.

Ekimenak hiru ardatz nagusi izango ditu. Martxoaren 28an, 12:00etan, hainbat herritako plazetan elkartzeko deialdia zabaldu dute AEKtik, herritarren bultzada jasotzeko asmoz. Konkretuki, eskualdean egitekoa diren elkarretaratzeak bi puntutan egingo dira: Irunen San Juan plazan eta Hondarribian Kasino Zaharrean.

Horrekin batera, administrazioari begira eta eragileen inplikazioa eskatu dituena. “2021eko apirileko gutuna” helaraziko zaie Euskal Herriko administrazio nagusiei, datozen urteetan euskalduntze-mugimenduak nolako baldintzak izan behar dituen jasota. Bestetik, “Bultza euskaltegiak! Bultza euskara!” mota guztietako eragileekiko lan-ildo amankomun bat ere jorratzen ari dira , eragileek aurrerapauso gehiago eman ditzaten.

Izan ere, Korrika atzeratzeak galerak ekarriko dizkio AEKri. Ondorioz, AEKtik jakinarazi denez, herritarren bultzada beharrezkoa dute eta ekarpen ekonomikoak eskertuko dituzte. Ekarpen horiek AEKren webgunean atxikitutako estekaren bitartez egin daitezke. AEKtik dinamika hauen beharra azpimarratu da, oraindik ere, Euskal Herriaren %55 erdalduna dela, Euskalduntze mugimendua salbatuta ez dagoela eta kolpe ekonomiko gogor honi aurre eginez euskararen aldeko herri-gogoa, harrotasuna pizten segitzeko asmoa dutela gogoratuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude