Pasa den astelehenean, Irungo alkate Cristina Laborda eta Hondarribiko alkate Igor Enparan Osasuneko jarduneko sailburu Gotzone Sagarduirekin bildu ziren, Bidasoko eskualdearen egoera sanitariorako behin betiko konponbide bat aurkitzeko.
Bi udalek denbora luzea daramate Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari egoera sanitarioa hobetzen laguntzeko neurri zehatzak har ditzan erreklamatzen; nagusia, hirugarren anbulatorioa eraikitzea, Irungo lehen mailako arreta emateko osasun etxeetan lan egiteko eta arreta emateko baldintza eskasei berehalako erantzun irmoa emateko.
Irungo alkateak adierazi duenez, “gustatuko zitzaigukeen bilera hau lehenago eta beste baldintza batzuetan egitea, ez gobernua uzten ari den lantalde batekin egitea. Hala ere, errespetu instituzionalez, hiriaren onerako, atzo Osasuneko jarduneko sailburuarekin genuen bilerara agertu ginen. Eskualdearen egoera sanitario eskasa behin betiko hobetzeko neurri zehatzak eskatu genituen; lehena, lehen mailako arreta hobetzea eta, horretarako, irtenbide bakarra baita, Oinaurren hirugarren anbulatorioa eraikitzea, aspaldidanik datorren eta Irungo udal talde politiko gehienen babesa duen errebindikazio bati erantzutea alegia. Bileraren ondoren, ordea, egiaztatu dugu jarduneko sailburuak ez diola erantzun eskari horri, eta, beraz, gobernu berriarekin lanean jarraituko dugu, Irunek agintaldi honetan bertan izan dezan hirugarren anbulatorioa, beharrezkoa eta premiazkoa baitu.
Hondarribiko alkateak agerian utzi du “Irungo hirugarren anbulatorioaz gain, ezinbestekoa da Bidasoako Ospitalearentzako hobetze inbertsioei lehenbailehen heltze. Hobekuntza hauek bloke kirurgiko berri batetik igaro behar dute eskualdeko hiritarrek mugitu behar ez izateko lurraldeko beste ospitaleetara. Beste aldetik, jarraitu du alkateak, “positiboki baloratzen dugu Bidasoako ESIarentzat sortutako kontseilu soziala, izan ere, hizketa eta informazio espazioak aintzakotzat hartzen ditugu gure lurraldeko osasun sistemaren agente ezberdinekin erlazioa mantentzeko”.
Guzti honekin, Bidasoako eskualdeko bi hirien borondatea argi geratu da beren hiritarren osasun zerbitzuarekiko arazoak konpontzeko.
Historikoa
2015etik, Irungo Udalak prest du lursail bat Oinaurren, 10.000 m2 ingurukoa, berehalakoan anbulatorioa eraikitzeko erabil daitekeena.
Gainera, duela urtebete baino gehiago, Udalak berak egindako hirigintza txostena helarazi zion Osasun Sailari, Irungo erdialdeko anbulatorioaren lursailari buruzko xehetasunak emateko eta hura 1.500 m2 baino gehiago handitzeko aukera planteatzeko.



