Eskualdeko osasun arretaren etengabeko narriadura erakusten duten datuak eman ditu Osasun Bidasoa plataformak

Osakidetzak Bidasoako eta Bortzirietako herritarrei ematen dien osasun arreta publikoak azken hilabeteetan etengabe okerrera egin duela salatu du Osasun Bidasoa plataformak. Plataformak egoeraren larritasuna islatzen duten hainbat datu eman ditu. Batetik, osasun langileen kudeaketa txarraren ondorioz urologiako zerbitzua  egoera kritikoan dago, ospitaleko urologiako profesional propiorik ez baitu.  Bestetik,  plataformatik salatu dute Irun Erdialdeko gaueko eta jaiegunetako larrialdi zerbitzua 8 txanda baino gehiagotan medikurik gabe geratu dela azken 3 hilabeteetan.

Medikurik gabeko guneak

Joan den azarotik, gaueko edo jaiegunetako larrialdi-zerbitzuko 8 txanda egon dira, gutxienez, erizaintzako profesionalek eta administrariek soilik beteta. Egoera hau, gure eskualdean inoiz gertatu ez dena, joan den udaz geroztik oso ohikoa da larrialdietako beste zerbitzu batzuetan, hala nola Donostian eta Errenterian. Irun Erdialdeko larrialdi-zerbitzuan medikurik ez egoteak, artatzera doazen pertsonen osasuna arriskuan jartzeaz gain, ospitaleko larrialdi-zerbitzuaren gainkarga dakar, eta horrek eragina izan dezake arretaren kalitatean.

Zerbitzu eta kontsulten itxiera

Duela ia 2 urtetik hona, Bidasoa ospitaleko urologia-kontsultak behar baino profesional gutxiagorekin egon dira eta, ondorioz, itxaron-zerrendak luzatu egin dira, bai kontsultetarako, bai ebakuntza kirurgikoetarako. Gaur egun, urologia-zerbitzuak ez du beharrezko 4 urologoetatik bat bera ere, eta ia ez da ebakuntza kirurgikorik egiten ari ospitalean. Minaren unitateak 2023ko uztailetik dago mediku anestesistarik gabe. Horrek kalte larriak eragiten dizkie tratamendua jasotzen ari ziren pazienteei, eta tratamendua behar duten paziente berrien zitazioa blokeatzen du.

Artatzeko lekurik ez

Osasun Sailak oraindik ez ditu egin Bidasoa ospitalea eta Irungo anbulatorioak handitzeko eta hobetzeko behar diren inbertsioak. Berriki, etorkizuneko inbertsio handiak iragarri dira eskualde gehienetan. Hala ere, Osasun Sailak ez du iragarri Bidasoa ospitalea handituko duenik (eraikin erantsi baten bidez), ezta Irungo hirugarren anbulatorioa eraikiko duenik ere, Oinaurren. Kontsultetarako tokirik eza itxaron zerrenda luzeak sortzen ari da espezialisten kontsultetarako edo ebakuntza kirurgikoetarako

Itxaron zerrenda onartezinak

Ospitaleko zenbait espezialitaterako itxaron zerrendak onartezinak dira. Adibide gisa, 130 eta 190 egun bitartean itxaron behar da traumatologiako kontsultan artatua izateko. Familia medikuak ekografia bat eskatzen duenean balizko gaixotasun larri bat diagnostikatu ahal izateko , ia urtebete itxaron behar du ekografia hori egin arte. Minaren unitaterako eta urologiarako ez dago hitzordurik. Otorrinolaringologia eta ginekologiako kontsultak ere 3 hilabete baino gehiago atzeratu dira. Horrek guztiak atzerapen diagnostiko larriak eta ekitate falta lotsagarria dakar; izan ere, erosteko ahalmen handia duten herritarrek kontsulta pribatuetara jo dezakete osasun publikoaren defizitak arintzeko, baina gainerako herritarrek, berriz, itxaronaldi luzeak jasan behar izaten dituzte . Egoera honek osasun arreta jasotzeko desberdintasun larriak sortzen ditu herritarren artean.

Plataformaren eskariak

Horregatik guztiagatik, Irun, Hondarribia eta Bortzirietako biztanleei dei egin diete eskualdeetako osasun publikoaren alde eta osasun-zerbitzuen narriaduraren aurka mobilizatzeko.Osasun Sailak inbertsiorik egin ez duenez, egoera gero eta jasangaitzagoa da.Kontsultategi eta profesionalak falta dira

Gainera, urologia-zerbitzua eta minaren unitatea ez ixtea eta Irun Erdialdeko larrialdi medikurik gabeko zerbitzurik ez ematea eskatu dute. Era berean, ospitaleko espezialisten kontsultetarako itxaron-zerrendak txikiagotzea eskatu dute,  gehienez ere 60 egunekoak izan daitezen. 2015etik prest dagoen orubean, Oinaurreko anbulatorioa berehala eraikitzea ere eskatzen dute. Azkenik, Bidasoa ospitalea handitzea nahi dute, eraikin erantsi baten bidez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude