Horrelakoa izango litzateke Oñaurren eraikitzekoa den anbulatorioa

Osasungintzaren alde, hiriko osasun zerbitzuak hobetu nahian, gaur goizean, Irungo Udalak Oñaurreko anbulatorio berria izan litekeenaren “argazki” bat ezagutarazi du. Diseinua gutxi gorabeherakoa da, baina, hiriko anbulatorio berriak izan beharko lituzkeen neurriari eta kokalekuari, erdialdean egoteari, dagokienez, bat dator Osasun Sailak jakinarazitako parametroekin.

Oñaurre (10.000 m2-ko aprobetxamendua) “aukerarik onen eta azkarrena da”, Udalak 2015etik prest baitu partzela eta Eusko Jaurlaritzak bihar bertan aktibatu baitezake. Irungo Udaleko talde politiko gehienek egin dute horren alde: Irungo Sozialistek, Elkarrekin Podemos – Ezker Anitzak, Irungo EH Bilduk eta Irungo Popularrek.

Eusko Jaurlaritzaren planaren zain

Diseinuaren bidez, berriro ere, jarduketaren premia eta urgentzia adierazi nahi du Udalak. Alde horretatik, gogoan izan beharra dago hilaren hasieran Erdialdeko anbulatorioa handitzeko helburuaren esparruan Irungo alkate José Antonio Santanok txosten bat helarazi ziola Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari, anbulatorio horren partzela handitzeko aukerei buruzkoa. Zehazki, Hirigintza Arloak egindako txostenaren arabera, Erdialdeko anbulatorioaren egungo azalera eraikia 2.089 m2 da, baina partzela aztertu, eta ikusi da 1.560 m2 inguru handitu daitekeela eta guztira 3.649 m2 izan daitekeela.

Bestalde, Irungo Udalak hiriko osasun beharrak eta hirian ezarri nahi dituen zerbitzuak justifikatzeko dokumentua eskatu zion Osasuneko sailburuari, baina jasotzeko zain dago oraindik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude