Arte garaikidearentzako bultzada berriak Irunen

Irungo Udaleko Kultura arloak laguntza-deialdiak jarri ditu abian, bertako arte garaikidea sustatu eta zabaltzeko laguntza-ildoaren barruan. Alde batetik, Ribera beka berriak esleitzeko prozesua hasi da, irailaren amaieran egingo den izen bereko azoka ibiltariaren esparruan; eta, bestetik, Kultura arloak sustatzen dituen artistentzako laguntza orokorren oinarriak argitaratu dira.

Juncal Eizaguirre ordezkariak nabarmendu duenez, “iraila oso hilabete garrantzitsua da arte garaikidearentzat, Ribera azoka egiten baita. Uda baino lehen Kontenporanea egin ohi da, eta egun hauetarako uzten dugu Ribera, hirian jardun nahi duten bertako artistentzako laguntzen deialdiekin batera egiteko. Haien lanean laguntzea da gure lehentasunetako bat, eta helburu horrekin jarri ditugu abian guretzat hain garrantzitsuak diren bi programa horiek”.

Ribera bekak
Beka horien helburua da ikerketak egitea mugaren eta Bidasoa ibaiaren berariazko ingurune geografikoko ondare-elementu ukigarri eta ukiezinei buruz. Emaitzak formatu artistiko batean gauzatuko dira. Tandem batek aurkeztu behar ditu proposamenak, profil ikertzaile bat (soziala, antropologikoa, biologia…) eta beste profil artistiko bat integratuta. Bekek bederatzi hilabete iraungo dute gehienez, eta bi beka emango dira (bat tandem bakoitzeko). Beka bakoitzak 9.000 eurokoa izango da.

Informazio gehiago, udalaren www.irun.org webgunean. Iaz, honako hauek izan ziren proiektu irabazleak: “Giza azpiegiturak Bidasoa eremuan. Zubiak mugaren, bizitako memoriaren eta harremanetarako guneen artean”, Tándem77ren proposamena (Sabrina Díaz Potenzak eta Julieta Gaztañaga), eta “Artxiboa/ibaia. Paisaia, kontakizuna eta ekintza Bidasoan”, Abel Jaramillo eta Clàudia Eliesena. Emaitzak Ribera azokan aurkeztuko dira, irailaren 24an.

Artistentzako laguntzak
Horrekin batera, artistentzako laguntzen deialdirako proposamenak aurkezteko epea ere zabaldu da. Eskaerak aurkezteko epea ere 2022ko urriaren 14ra arte egongo da zabalik.

Artistentzako laguntzaren xedea da migrazio-mugimenduen inguruan eta gizartearen, aniztasunaren eta kultura- eta hizkuntza-trukearen alorrean proiektu artistiko bat garatzen eta ekoizten laguntzea. Era berean, Irun mugaz gaindiko hiria izatearekin ere lotura izan dezake, historikoki pertsonak hartzen dituen eta igarobidea den hiri atsegina den aldetik. Bekek gehienez ere sei hilabeteko iraupena dute. Bi beka emango dira, eta haietako bakoitza 6.800 eurokoa izango da.

Informazio gehiago, udalaren www.irun.org webgunean. Iaz, Raquel Asensi Blanco eta Izaro Ieregi izan ziren irabazleak, eta Kontenporanearen esparruan aurkeztu zituzten emaitzak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude