Ribera programaren hirugarren edizioa ospatu zen irailaren 22an

Irailaren 22an antolatu zen Ribera programaren hirugarren edizioa. Egun osoko jardunaldien programaren barnean, ekintza desberdinak garatu ziren Nazioarteko Zubiaren eta Osinbiribileko inguruan. Edizio berriak, aurreko urteetan programak finkatutako ildoa jarraitu du: Bidasoa ibaiaren eta mugaren kontzeptua arte garaikidearen ikuspuntutik lantzea.

Ribera programaren edizio berri honetan Ribera Beken emaitzak ezagutzera eman ziren, publikoari musika eta dantza erakustaldiez gozatzeko aukera eskaintzeaz gain. Egitaraua adin guztietako publikoari zuzenduriko ekintzez beterik egon zen, goizeko 10:00etatik arratsaldeko 16:00etara bitarte antolatutako erakustaldi eta erakusketa ezberdinekin.

Xabier Anunzibai artistak “Oroimenaren hormak” izeneko muralaren sorkuntzan lan egin zuen egunean zehar, saihesbidearen zubiko paretak apaintzeko. Hortaz gain, egun osorako argazki rally lehiaketa antolatu zen, bertaratutakoei, argazkien bitartez, Ribera ekimenaren bestelako ikuspuntuak biltzeko jolasa proposatuz. Urriko hilabetean zehar, lehiaketan jasotako irudien bilduma ikusgai jarriko da Irungo CBA liburutegian.

Skate Parkaren alboko eremuan, Bitamine-Faktoriaren eskutik Hondartza Instalakuntza eta Ivan Gomez eta Iraitz Agirre Ribera Bekaren irabazleen “Faisaien uhartea, Historia kontatzeko moduak” erakusketaz disfrutatzeko aukera izan zen egun osoan zehar. 11:00etatik 13:00etara Juncal Alfonsok eta Arantza Albisuk sortutako “Bidai Kaera” izeneko aire zabaleko margo eta marrazki erakusketa ikusgai egon zen. 13:00etan Ekilore konpainiako Eneko Alcarazek “Sorginak Kanpora” dantza ikuskizuna eskaini zuen. 13:30etan Jaz Manouche taldearen kontzertua izan zen. Bidegorriaren inguruan, berriz, “Kontakizunak pedalkadaz pedalkada”, bizikletaz kontatutako paseoa antolatu zen.

Ribera Bekak
Humanitateen eta artearen alorreko ikerketa-zientzien izaerako proiektuak garatzeko esparru iraunkorra sustatzea bilatzen da beka deialdi honen bitartez. Artista eta antropologo taldeek Bidasoa ibaiaren eta mugaz gaindiko eremuetan lan egiten dute. Ribera Bekaren 2018ko onuradunetako batzuk Mikel Huarte eta Heidi Otaduy izan dira “Irun, muga lurraldea” proiektuarekin. Dokumental baten bitartez, azken 25 urteetan eskualdeko harremanetan mugaren irekierak izan duen eragina islatu nahi izan dute, gazteek muga-eremuaren inguruan egun duten pertzepzioa bilduz.

Bestetik Ivan Gomez eta Iraitz Agirrek “Faisaien uhartea, Historia kontatzeko moduak” izeneko proiektua ere beste Ribera Beka batekin saritua da. Faisaien uhartearen inguruko proiektuaren argazki ugari ikusgai egon ziren irailaren 22an Skate Park eremuan. Izaera bereziko lurralde eremu honetan jazotako gertakari historikoak begirada kritikoz aztertzeko helburuarekin sortu zen proiektua da hau.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude