Irungo Udal Euskaltegiak azaroaren 23an irekiko du ikastaro trinkoetarako matrikulazio epea

Irungo Udaleko Hezkuntza eta Gazteria ordezkari Sandra Caballerok eta Udal Euskaltegiko zuzendari Miren Tolosak gaur goizean aurkeztu dute Euskaltegian bertan matrikulazio-aldi berria. Interesdunek datorren astelehenetik, azaroak 23, abenduaren 4ra arte izango dute epea izena emateko.

Deialdi honen bidez, urtarrilaren 7tik martxoaren 19ra eskainiko diren ikastaro trinkoetan parte hartu ahal izango da —egunero lau orduko saioekin, 09:00etatik 13:15era—, eta, horrez gain, urrian abiatutako ikastaroetan (astean bost ordukoak) libre geratu diren plazetan txertatzeko aukera ere izango da. Caballerok azaldu duenez, helburua da euskara ikasi edo hobetu nahi dutenei erraztasunak ematen jarraitzea: «Ikastaro ezberdinak eskaintzen jarraitzea funtsezkoa iruditzen zaigu, beti pertsona bakoitzaren egoerara egokituz».

Matrikula egin nahi dutenek telematikoki aurkeztu beharko dute eskaera, Irungo Udalaren Egoitza Elektronikoaren bitartez edota hirian zehar kokatuta dauden autozerbitzu-terminalak erabiliz; horretarako, ezinbestekoa izango da sinadura elektronikorako sistemaren bat edukitzea (Irun Txartela-BAKQ, besteak beste). Kostu ekonomikoari dagokionez, ikasleek ordaindutako matrikula berreskuratzeko aukera izango dute bai Irungo Udalaren beka-deialdiaren bidez, bai HABEren dirulaguntzen bitartez. Era berean, gogorarazi dute 2026-2027 ikasturte honetan Eusko Jaurlaritzak Euskara Bonua jarri duela martxan: horri esker, A1 mailatik B1.1 mailara bitarteko ikasleek 120 euroko ordainketa bakar bat eginda lau urteren buruan gastatzeko ordu-poltsa bat sortu dezakete.

LANNAHI

Azkenik, LANNAHI egitasmoaren onuradunek baldintza bereziak izango dituzte, eta 20 euro ordainduko dituzte ikastaro trinko bakoitzeko. Kasu horietan, eskaera izapidetzeaz gain, ezinbestekoa izango da mailaketa-proba egitea —gaur egun Udal Euskaltegian ari direnek edo aurreko ikastaroan parte hartu zutenek izan ezik—. Hori dela eta, izena eman ondoren, interesdunek 943 50 52 73 telefono-zenbakira deitu beharko dute proba egiteko hitzordua eskatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude