Irungo Udaleko Hezkuntza Arloak gogorarazi du datorren asteartean, irailaren 1ean, zabalduko dela 2026-2027 ikasturtean Udal Euskaltegiko ikastaroetan matrikulatzeko epea. Interesdunek irailaren 14ra arte eman ahal izango dute izena. Ikasturte berrirako bi ikastaro mota eskainiko dira: hiru hilabeteko ikastaro trinkoa (urriaren 1etik abenduaren 22ra, egunero 4 orduz, 9:00etatik 13:15era) eta ikasturte osoko ikastaroa (urriaren 1etik ekainaren 18ra, astean 5 edo 6 orduko klaseekin eta ordutegi zabalarekin).
Eskariak telematikoki aurkeztu beharko dira Irungo Udalaren Egoitza Elektronikoaren bidez edo hirian zehar kokatutako autozerbitzu terminalak erabiliz, sinadura elektronikorako sistemaren baten bidez (Irun Txartela, BAKQ…). Izena eman ondoren, euskaltegiko ikasle berriek mailaketa proba egiteko hitzordua eskatu beharko dute 943 505 273 telefonora deituz; izen-ematea aurreko ikasturtean bertan egin dutenek ez dute proba hau egin beharko.
Diru–laguntza
Matrikularen kostua Irungo Udalaren edo HABEren dirulaguntza deialdien bidez berreskuratu ahal izango da. Gainera, Eusko Jaurlaritzak Euskara Bonua jarriko du martxan ikasturte honetan: A1etik B1.1 maila bitartean, 120 euroko ordainketa bakarra eginda, 4 urteren buruan gastatzeko ordu-poltsa sortuko da. Bestalde, LANNAHI egitasmoko tasen onuradunek 20 euro ordainduko dituzte ikastaro trinkoen txanda bakoitzeko.



