Marrazki eta Pintura Akademiak ikasturte berria hasiko du urrian

Hasia da Udal Marrazki eta Pintura Akademian 2022-2023 ikasturterako matrikulatzeko epea. Irakasleek Akademiaren egoitzan bertan erantzungo diete interesdunen kontsultei, irailaren 15etik 22ra, 17:30etik 20:00etara bitartean. Era berean, interesdunak pinturamargoa@irun.org helbide elektronikora idatzita eta 695752994 eta 606220417 telefono zenbakietara deituta jar daitezke haiekin harremanetan.

Berritasun nagusia da ikasturte honetatik aurrera telematikoki eman beharko dela izena, egoitza elektronikoaren bitartez, www.irun.org/sede helbidean. Horretarako, interesdunek ziurtagiri elektroniko bat erabili beharko dute, identifikatzeko (Irun Txartela, BAKQ, nortasun agiri elektronikoa…).

Hona hemen eskaintzen diren ikastaroak eta bakoitzaren ordutegiak:

  • Gazte eta helduentzako ikastaroak

Goizez, asteazken, ostegun eta larunbatetan, 10:00etatik 12:00etara bitartean

Arratsaldez, astelehen, astearte eta asteazkenetan, 16:30etik 20:30era bitartean

  • 6 urtetik 12 urtera bitarteko haurrentzako tailerrak

Goizez, larunbatetan, 10:00etatik 12:00etara bitartean

Arratsaldez, astelehen eta asteazkenetan, 17:00etatik 19:00etara bitartean

Matrikula bakuna egin daiteke, astean bi ordukoa, zein bikoitza, astean lau ordukoa, eta matrikulak barnean hartzen du ikastaroa egiteko oinarrizko materiala (folioak, pinturak, guraizeak…), programaren edukiaren arabera; gainontzeko materiala, berriz, ikasleek jarri behar dute.

Prezioak (urritik ekainera bitarteko ikastaroenak)

Astean bi orduko ikastaroak

  • 18 urtetik beherakoentzako kuota: 249,70 €
  • 18 urtetik gorakoentzako kuota: 288,45 €

Astean lau orduko ikastaroak

  • 18 urtetik beherakoentzako kuota: 425,80 €
  • 18 urtetik gorakoentzako kuota: 553,30 €

Akademiaren helburu nagusia da interesdunak arte plastikoekin harremanetan jartzea eta ikasteko, sormena garatzeko eta partekatzeko topagune bat sortzea. Proposamen akademiko klasikoaren bidez, ikasleek marrazki eta margolan naturalistak egiten ikas dezakete, eta, sormenean oinarritutako ariketa esperimentalen bidez, beren hizkuntza propioa garatu.

Jarduera paraleloak

Urte osoan, bestelako jarduerak ere eskainiko dira, hala nola hauek:

  • Material birziklatua erabiliz euskarriak prestatzeko tailerra
  • Akademiatik kanpoko erakusketak
  • Ikastaro laburrak (akuarela, figura naturala, etab.)
  • Artista gonbidatuen masterclass eta tailerrak

Eskolak urriaren 3an hasiko dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude