Miren Echeveste Berdintasuneko ordezkariak eta David Nuño Gizarte Ongizateko ordezkariak Irungo adinekoen lokaletan egiten ari den Paseoak Irunen programa aurkeztu dute, Mertxe Tranche ikerlariarekin, Raquel Calvo Behobiako lokaleko dinamizatzailearekin eta Parean Elkarteko Oihana Llorente ordezkariekin batera.
Miren Echevestek balorazio ona eman dio «berdintasunaren aldeko lan transbertsal honi; izan ere, belaunaldien arteko jarduerari esker, Irungo emakumeen lana ezagutzera emango da. Emakumeen lanbideak eta emakume garrantzitsuak ezinbestekoak izan ziren hiriaren hazkundean, eta Parean Elkartearen ekimen honekin gauza gehiago ikasiko ditugu eta duen balioa aitortuko diogu».
Jarduera dagoeneko itxita dauden taldeekin egiten da, Behobia, San Migel, Anaka-Puiana eta Palmera Monteroko adinekoen lokaletako erabiltzaileekin. David Nuño Gizarte Ongizateko ordezkariak nabarmendu duenez, «adinekoek oso erantzun ona eman dute. Gaur egun, gainera, kolektibo horren egoera gogorra arintzen lagunduko du horrelako jarduera batek, talde kontrolatuekin eta aire zabalean egiten baita».
Paseoak San Juan plazatik abiatuko dira. Han, antzinako Irun ikusi ahal izango dugu, muralen bidez, eta Karrika Nagusian inudeak, saltzaileak eta jostunak izango ditugu hizpide. Bertatik, aurrena Eliza karrikatik eta gero Eskoleta karrikatik, Junkaleko elizara iritsiko gara. Han, eskola zaharraren eraikinaren aitzakian, eliza inguruko maisu-maistrez arituko gara.
Pilar karrikatik kanalera iritsiko gara eta Nafarroa hiribidetik aurrera jarraituko dugu udalaren Haur Eskolaren ondoko plazatxoraino. Paseo horretako protagonista izango dira pospolo-saltzaileak, Aduanako lanbideak eta estraperlistak. Kanaletik aurrera jarraituko dugu, Ama Xantalen ermitaraino. Kanal ondotik goazen bitartean, arropa-garbiketarekin eta ibaiarekin lotutako lanbideez hitz egiteko ordua izango da. Paseoa amaitzeko, Santa Elena karrikatik itzuliko gara Urdanibia plazara. Han, emakume baserritarrak eta mandatariak oroituko ditugu.
Lehen paseoa maiatzaren 28an egin zen Behobian, eta bigarrena ekainaren 2an Palmera Monteron. Datorren saioak Anaka-Puiana eta San Migeleko erabiltzaileekin izango dira hilaren 14an eta, 21ean, San Migeleko lokaleko adinekoek beste paseo bat egingo dute. Horrez gain, egindako paseoen inguruko elkarrizketa bat egongo da Palmera Montero zentroan, ekainaren 9an, 15ean eta 22an.