MERTXE TRANCHE, ikertzailea: “Goraipatzekoa da Errepublikaren garaian langabeziaren arazoa gainditzeko udalak eta hiri osoak egin zuten lana”

Tokiko best-sellerra izan da Mertxe Tranche Iparragirreren Los buenos hijos liburuaren lehen bolumena. Bi edizio saldu ditu jada, apirilean argitara atera zenetik. Nicolás Guerendiain Irungo Errepublikarren elkarteak argitaratutako liburua dela kontuan hartuta, ez da marka makala. Bigarren Errepublikak, Gerra Zibilak eta ondorengo diktadurak oraindik ere pizten duten interesaren seinale. Tokiko ikuspegitik, beti ere, arlo soziala, ekonomikoa eta kulturala landu ditu, bereziki, Mertxe Tranchek.

Enkargu bat dago, Los buenos hijos liburuaren sorburuan. 2011n, gerraren ondorengo etxeen inkautazioak aztertzeko eskatu zion Irungo Errepublikarren Elkarteak Mertxe Tranche ikertzaileari. Behin ikertzen hasita, ordea, laster konturatu zen lanak zabalagoa beharko zuela izan. “Hasitako pelikula baten erdian egongo balitz bezala sentitu nuen nire burua. Ez nuen ulertzen zergatik jasotzen zituzten batzuek etxerik onenak, eta, eta okerrenak beste batzuek”, azaldu du Mertxe Tranchek. “Nor da nor” hori ulertu ahal izateko, denboran atzera egitera erabaki zuen, Primo de Riveraren diktaduraren garairaino: “Iruditu zitzaidan puntu egokia zela, nolabait ere, Frankismoaren entsegu bat izan zelako”.

Zergatik erabaki zenuen bi bolumenetan banatzea?

Nik ez nuen pentsatu bi bolumen beharko nituenik. Baina denbora aurrera zihoan, eta niretzat eta Nicolás Guerendiain elkartearentzat ere, beharrezkoa zen zerbait argitaratzea, sei urte pasa baitziren enkargua egin zidatenetik. Ikusten nuen, gainera, tamaina handia hartuko zuela liburuak. Hortaz, lanaren abiapuntu gisa plazaratu dugu liburu hau”.

1923-1936 epea kontatu du Mertxe Tranchek, beraz, lehen bolumenean. Primo de Riveraren diktadura (1923-1930) eta Bigarren Errepublika (1931-1936). Primo de Riveraren garaia aztertzea erronka handia zen Trancherentzat. Izan ere, ez dago hura Irungo ikuspegitik lantzen duen beste lanik. Interes handiko epea dela uste du, hala ere, Mertxe Tranchek: “Hirigintzaren aldetik, egungo Irun hiriaren zati handi bat orduan eraikiko dute. Baina bestalde, hirian agintea denbora luzez edukiko duen klasearen sorrera ere izango da”.

“Garaiko prentsan ez zegoen eztabaidarako beldurrik. Udal gobernuaren kontrako kritika ere bazegoen”

Prentsa lokaleko argitalpenak izan dira Mertxe Trancheren iturri nagusi. Azpimarratu du, neurri handi batean, egungoa baino gizarte demokratikoagoa zela hura: “Garaiko prentsan ez zegoen eztabaidarako beldurrik. Udal gobernuaren kontrako kritika ere bazegoen. Gaur isilarazita dago, ikara diogu. Egungo komunikabideek udal gobernuarekin harreman ona edukitzeko beharra dutela iruditzen zait”.

Errepublikaren garaitik, zer azpimarratuko zenuke?

Langabeziaren eta krisi ekonomikoaren arazoa gainditzeko udalak eta hiri osoak egin zuen lana goraipatzeko modukoa iruditzen zait. Ez da inoiz eskertua izan. Bestalde, boterean jarraitzeko jendeak izango dituen bilakaera politikoak ere interesgarriak dira. Azken finean, Primo de Riveraren diktaduraren garaitik datorren jendea da gero frankismoan boterea eskuratuko duena. Pena da klase politiko interesgarria galdu genuela. Gustatuko litzaidake jakitea zer nolako alkate mota izango zitekeen Nicolás Guerendiain”.

Nazionalismoaren indartzea ere orduan kokatu beharko genuke?

Bai, baina EAJk udaletik kanpo egin zuen lana, Errepublikaren hasieran, ez zelako Donostiako paktuan egon. Harrigarria da, bestalde, mugimendu euskaltzalean, zer nolako nahasketa politikoa zegoen, elkarte kultural eta gastronomikoetan bezala.

Hala ere, bi Irun zeuden orduan, orain bezalaxe: San Juan inguruko herrikosemeena, eta Irun proletarioa, San Miguel auzokoa etab. Bitxia da, eta ez du zentzu handirik, San Juango horiek 20-30 urte gehiago besterik ez zeramatzatelako hirian. Herrikoseme bakarrak, berez, baserritarrak besterik ez dira. Baina batzuk aduana agenteak ziren, eta trenbideko langileak, besteak. Hortxe diferentzia handiena”.

Benetako gertakariak kontatu ditu Mertxe Tranchek liburuan, eta benetako izen-abizenak eman ditu. “Xalotasun” puntu bat eduki duela aitortu du, eta ez zuela uste gaiak horrenbesteko interesa piztuko zuenik: “XVIII. edo XIX.mendeko gai batekin ariko banintz bezala lan egin dut. Baina jende asko gerturatu zait, ez kontu eske, baina bai galderak edo iruzkinak egitera”. Bigarren liburuan, tentu handiagoz ibili beharko duela iruditzen zaio Trancheri. Lehenengo liburuaren esperientziaren ondoren, ondorioak gehiago neurtuko dituela onartu du: “Hala ere, baditut konpondu gabeko dilemak. Esate baterako, frankismoko salatariekin zer egin, izen-abizenak eman edo ez. Nire asmoa ez da inor mintzea, baina burura datorkit, era berean, zergatik daukagun beldur hori, haiek ez zutenean eduki”.

Preso egon zen jendea, ezkerreko talde proletarioetakoa izan zen”

Mertxe Tranchek baieztatu du, errepresio politikoa baino gehiago, klase errepresioa izan zela gerraren ondoren. “Nazionalistek zigor ekonomikoak jaso zituzten”, aitortu du ikertzaileak: “Baina preso egon zen jendea, PSOEkoa, PCEkoa, UGTkoa edota CNTkoa izan zen. Ezkerreko talde proletarioetakoa, hain zuzen ere”. Aztertu duen etxeen banaketa, esaterako, klaseen araberakoa izan zela adierazi du Tranchek. Altzarien eta bestelako objektuen banaketa ere egon zela nabarmendu du: “Jaime Rodriguez Salisek El niño republicano de Beraun liburuan kontatzen du, erbestetik etxera itzuli zirenean, bizilagunak haien jostailuekin topatu zituztela”. Liburuaren bigarren bolumenean emango ditu Tranchek gai horiei buruzko xehetasunak.

Noizko izango duzu prest bigarren zatia?

Ikerketa eginda daukat, baina aire pixka bat behar nuen, erredaktatzen hasi aurretik. Alde batetik, jendearekin feedback-a edukitzeko. Salerosketei dagokienez, ezin dut gehiago eskatu, bi edizioak agortu dira. Bestalde, Nirekin harremanetan jarri diren gehienak, eskuineko jendearen ondorengoak izan dira, beldurra ematen zielako haien arbasoak nola irudikatuko nituen. Eskerrak eman dizkidate, oro har. Jende gehienak bigarren bolumena noizko egongo den galdetu dit. Lehenengoa aurkezpen bat balitz bezala, eta bigarrena korapiloa”.

Buruari atsedena emateko beharra ere bazuela aitortu du Mertxe Tranchek, esku artean duena ez baita gai samurra: “Oso gertuko gaia da, protagonisten seme-alabak edo ilobak topatzen ditut kaletik”. Irailean heldu dio berriro idazketari, eta datorren urteko udarako prest eduki nahi luke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude