Onintza Oiartzabal, gastronomia eta sukaldartizako arteen 4. mailako ikaslea: “Urteroko praktikekin aukera izan dut lan mundua ezagutzeko”

  • Onintza Oiartzabal Maisterrena
  • 21 urte
  • Oiartzun
  • Gastronomia eta Sukaldaritzako Arteen Gradua
  • 4. mailan

Definitu apur bat zure burua: non egin dituzu orain arteko ikasketak? Baduzu hobby edo zaletasunik?

Txiki txikitatik Elizalde Herri eskolan ikasi izan dut, batxilergora arte, orduan IES Xabier Zubiri Manteora joan behar izan nuelarik. Pertsona alaia, mugitua, kuriositate handikoa eta langilea naizela uste dut.

Zaletasunen artean ba tipikoenak, kirola asko gustatzen zait, mendira joatea, lagunekin egotea eta, noski, sukaldatzea.

Zergatik aukeratu zenuen Gastronomia eta Sukaldaritza Arteak gradua? Eta zergatik Mondragon Unibertsitatea?

Batxilergoan zientzien adarretik nentorren, eta ingeniaritza, kimika edo biologia ikastea nuen buruan. Aldi berean, etxean astebururo postreak egiten nituen eta asko gustatzen zitzaidan. Nere gertuko lagun bat graduan sartu zen eta berak kontatzen zidan zer egiten zuten klasean eta asko erakartzen ninduen.

Ikusi nuen gradu honek bai alde zientifikoa eta baita nire zaletasuna ere uztartzen zituela, eta horregatik aukeratu nuen. Gure inguruan gradu hau eskaintzen duen bakarra denez, Basque Culinary Centerrera etortzea erabaki nuen.

Nola baloratuko zenuke orain arte bizitako esperientzia?

Egia esan, 4 urte hauetan oso ongi pasatu dut eta aldi berean izugarri ikasi dudala sentitzen dut, pixka bat denetatik. Oso desberdina da gradu hau, urte hauetan pila bat aldatu naiz pertsona bezala: urteroko praktikekin aukera izan dut lan mundua ezagutzeko. Kanpora ere joan naiz eta ingelesa ikasi dut, pila bat landu ditut komunikazio abilidadeak eta nigan dudan konfiantza ere areagotu dut, aurkezpen ugari egin behar izaten baitugu…

Nola definituko zenuke BCCn jasotzen duzun ikasteko metodologia?

Oso desberdina da, jada 4 urte pasa dira eta ohitu naiz, ez naiz ohartzen baina gogoratzen naiz hasieran oso jakintza desberdina zela. Oso praktikoa, sektoreko profesionalen solasaldi ugari, azterketa gutxi eta lan asko, talde lanean egun osoa; ikuspuntu oso desberdinetatik ikusten da gastronomia. Merkatuan bide pila bat daudela ikusi dut, existitzen zirela ere ez nekien bideak.

Unibertsitatetik zer da gehien gustatzen zaizuna?

Lantzen diren puntu desberdin guztiak, ia-ia egunero irteera desberdin bat ikusten dut. Oso gustuko dut ere gertukoa ikusten dudala ikasten dudana, hau da, gastronomia gure egunerokoan oso sartua dago, bai aisialdian, supermerkatuan erosten dugunean, etxean jaten duguna egunero… eta horretaz ohartzea, lehen ikusten ez nituen gauzak ikustea, alegia. Jakitea biharko egunean bide pila batetik joan naitekeela, lan pila bat eta gauza asko daudela lantzeko gure sektorean. Gure lanbidean jendeak lanbidea zenbat bizitzen duen ikustea, beraien ideia landu eta aurrea eramateko egiten duten esfortzua.

Etorkizunari buruz zeintzuk dira zure asmoak?

Momentuz ikerketa mundutik jarraitzeko erabakia hartua daukat. Hala ere, Graduak eskaintzan duen hainbeste aukerarekin ez daukat oraindik oso argi zehazki nondik joango naizen… Alde horretatik Graduak irteera profesional ugari eskaintzen ditu eta abantaila handia da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude