- Markogintza
- Kontserbazio materialak eta zaharberritzea
- Geltoki kaleko 13. zenbakian
Atrezzo marko denda 1992an hasi zen Irunen markoztatze zerbitzuak eskaintzen. Geltoki kaleko 13. zenbakiko marko denda, Martin Ugarte, Juanpe Ugarte eta Iñaki Ugarte anaien ekimenez sortu zen, Marina Larruquerten laguntzarekin. Datorren urtetik aurrera, Beñat Ugartek eta Mikel Ugartek, Iñakiren semeek, aitari lekukoa hartuko diote, bizitza artisau markoetan jartzeko ohiturak Irunen etenik izan ez dezan.
Nolatan erabaki zenuten Irunen marko denda bat jartzea?
Iñaki: Orain dela dezente hasi ginen, zehazki, 1992an. Hiru anaien artean sortu genuen hau eta amets bat egia bihurtzea bezalakoa izan zen. Garai hartan Irungo aduanak ireki zituzten eta ondorioz, sekulako krisialdia sortu zen. Egia esan, ez dakit nola murgildu ginen gu proiektu honetan orduan.
Asko aldatu al da ordutik hona gauzak markoztatzeko ohitura?
Iñaki: Bai, bai, asko. Gainera, lehen Irunen mota honetako 5 denda ginen gauzak markoztatzen genituenak eta orain bakarrik geratu gara. Ordutik gauzak asko aldatu dira, lehen jendeak gauza batzuk markoztatzen zituelako, orain jada egiten ez direnak. Egun, adibidez, iparraldeko hainbat bezero dauzkagu.
“Esaterako, kamisetak, oroigarriak, giltzak, eskulanak … argazki edo posterrez gain, edozer gauza markoztatu daiteke”
Iñaki Ugarte, Atrezzo marko denda
Nola laguntzen diezue bezeroei zuengana ideia batekin datozenean?
Iñaki: Hori da gure lanik garrantzitsuena, jendea gehienetan ideia argirik gabe eta galduta etortzen baita. Guk orientatzen ditugu eta markoa, passe-partout ertza eta kristala aukeratzen laguntzen diegu guk daukagun material guztiaren artean. Gu arduratzen gara prozesu guztiaz: egurra eta kristala mozteaz eta muntaketaz, hau da, lan guztia hemen egiten dugu.
Argazkiez edo margolanez gain, gauza gehiago markoztatu daitezke?
Iñaki: Bai, denetarik. Esaterako, kamisetak, oroigarriak, giltzak, eskulanak … argazki edo posterrez gain, edozer gauza markoztatu daiteke.
Zein izan da orain arte zuen eskuetara iritsi den proiektu arraroena edo bitxiena?
Iñaki: Hemen ia denetik markoztatu dugu. Arraroena izan zen behin emakume batek bere haur jaioberriaren zilbor-hestea ekarri zigula, lehor-lehorra zegoenean. Hasieran harrituta geratu ginen, baina azkenean egin genuen, kaxatxo batean jarri genuen eta oso polita geratu zen.
30 urtetik gorako ibilbide honetan markoetan modak asko aldatu dira, ezta?
Iñaki: Arrazoi osoa duzu. Lehen marko gehienak oso barrokoak ziren, urre edo zilar kolorekoak. Orain modan dagoen estiloa berriz, oso minimalista da, dena zuria eta egurraren kasuan, dena lau-laua, inolako moldurarik gabe. Hori izan da aldaketa nagusia, estilo barrokotik sinpletasunera.
Denbora horretan Irungo merkataritza ere asko aldatu da.
Iñaki: Bai, esan bezala, orain mota honetako denda bakarra gara hirian eta hemen jarraitzen dugu borrokan. Internet dela-eta saltoki handiagoen eragina nabari da, horiek baitira gure lehiakide zuzenenak. Hala ere, gu eskulangileak garenez, gauzak mimoz egiten saiatzen gara bezeroen nahiak errealitate egiteko. Guk orientazio hori eskaini dezakegulako eta, beharrezkoa bada, bezeroarekin ordu bat edo gehiago egon gaitezke gauzak azaltzen edo erakusten.
Markoez gain, kontserbazio materialak edo zaharberritze zerbitzuak ere eskaintzen dituzue.
Iñaki: Bai, horrelako zerbitzuak ere eskaintzen ditugu. Eta guk egin ezin badugu, gauza batzuk oso bereziak direlako, gure inguruan horretara dedikatzen den jendea dugu eta horiekin harremanetan jartzen ditugu zuzenean. Egia esan, lan zoragarriak egiten dituzte eta argazkiak zein olio-pinturak berreskuratzeko gai dira.
Gabonen atarian enkargu gehiago jaso ohi dituzue?
Iñaki: Lehen askoz gehiago nabaritzen zen, Gabonak lan handiko garaia izan ohi baitziren. Dena den, gorakada hori jada hain nabaria ez bada ere, nabari da jendeak opariak egiteko oraindik garai horretan enkargu bereziren bat egiten duela.
“Etorkizunak dakartzan erronkei egokitzeko gaitasunez lan egin nahi dugu eta, bien bitartean, aitarengandik ahal den guztia ikasten saiatuko gara”
Beñat Ugarte, Atrezzo marko dendako erreleboa
Etorkizunera begira, dendaren erreleboa bermatua duzue.
Iñaki: Bai, horretan pentsatzen hasiak gara eta zorionez, gure bi semeek negozioarekin jarraitu nahi dute.
Beñat: Orain arte gu bidaiatzen ibili gara eta pentsatzen ea zer egin nahi genuen gure bizitzarekin. Azkenean, hau beti guretzat etxean genuen altxor txikia izan da, txikitatik ezagutu dugulako. Bisitan etortzen ginenean beti lanen bat egiten jartzen gintuzten eta, horrela, betidanik lan honetara loturik egon gara. Azkenean, oso interesgarria iruditu zaigu eta merkatua apur bat ikertu ostean, anaiak eta biok proiektuan murgiltzen ausartu gara. Ilusio handia sortzen digu hartutako erabakiak eta benetan lan polita dela uste dugu.
Izan ere, teknologia berriak eta artisau lana uztartzen dituen zerbitzua da zuena.
Beñat: Artisau lan horri eustea garrantzitsua iruditzen zaigu, zerbitzuak benetan pertsonalizatua izaten jarrai dezan. Familiarekiko sentikortasuna ere garrantzitsua da guretzat, betidanik bertan egon garelako, eta horrek erabaki hau hartzera bultzatu gaitu.
Nola begiratzen duzue etorkizunera Atrezzotik?
Beñat: Orain ikasketa prozesu etengabean murgildurik gaude anaia eta biok, Marina lankidearekin batera.
Iñaki: Hori da. Beñatek Marina aipatu du eta erantsi nahiko nuke Marina Atrezzoren zutabe garrantzitsua dela. Gurekin lanean urte asko daramatza, hasiera-hasieratik, eta nola ez, tartetxo hau baliatu nahi dugu bere lana omentzeko.
Beñat: Etorkizunak dakartzan erronkei egokitzeko gaitasunez lan egin nahi dugu eta, bien bitartean, aitarengandik ahal den guztia ikasten saiatuko gara. Gure helburua giro politean lan egitea lortzea da eta noski, gure ekarpena egitea ere Irungo hurbileko merkataritzari.




