Martxoaren 9an Folder paper-dendak kokapen berria estreinatu zuen Irunen. Aurrerantzean Luis Marianoko 12.zenbakian kokatutako lokaletik bezeroen eskakizunak erantzuteko prest egongo dira. Ohiko bulegoko materiala eskaintzeaz gainera, merkatuko nobedadeak bezeroei hurbiltzeko ahalegin berezia egingo dutela azaldu du Rakel Lamasek.
Noiz ireki zen Folder denda Irunen?
Hasieran CopyArt ireki genuen Irunen 2014. urtean eta lehenengo ideia negozioak kopia-denden bidea jarraitzea izan zen. Krisiarekin kopia-dendako lana asko jaitsi zen eta, orduan, Folder traspaso gisa hartzeko aukera agertu zen. Folder frankizia bat izan arren, aukera asko eskaintzen dizkizu eta paper-denda arrunt gisa ezinezkoa da eskaintza eta prezio horiek mantentzea. Jendeak Folder ondo ezagutzen du eta, horrela, egoerari buelta ematea lortu genuen.
Eskaintzak Folder denden ezaugarrietako bat dira?
Bai, atean izan ohi dugun katalogoan eskaintza eta prezio bereziak dauzkaten 500 produktu biltzen ditugu. Izan ere, katalogoan ikus daitezkeen material asko duela aspaldiko prezioa mantentzen dute egun oraindik eta hori oso merkea da gaur egungo prezioarekin alderatuta.
Zein zerbitzu eskaintzen dituzue?
Paper-dendako gauza guztietaz gainera, Folder bulego arloan espezializatua dago. Hortaz gain, kopia-dendako zerbitzuak ere dauzkagu ( tamaina handi eta txikiko inpresioak, koadernaketak, plastifikazioak, …), paperean egin daitezkeen ia guztia, liburuak izan ezik.
Kontsumitzaile partikularrez gainera, enpresekin ere lan egiten duzue?
Bai, nahiz eta Irungo dendaren kasuan asko ez landu. Hala ere, eskari handietan enpresentzat erakargarriak izan daitezkeen prezioak dauzkagu.
Zein da zuen dendaren berezitasuna?
Aspaldiko bezeroak dauzkagu eta, eskaintzez gainera, konfiantza asko dugu haiekin. Gauzak ondo egitea atsegin dugu eta atzetik dugun lan taldeari esker abantaila asko dauzkagula uste dut. Salmenta gehieneko garaiak iraila eta Gabonak izan ohi dira.
“Dendako artikuluak eguneratzen saiatzea eta moda berrietara egokitzea garrantzitsua da”
Zer da dendan gehien saltzen dena?
Tipex-ak, boligrafoak, … markaren arabera gauza batzuk edo besteak. Gainera, jendeak moden arabera gauza desberdinak eskatzen dizkigu. Sektorean hamasei urte eman ostean, garaiaren arabera hobeto edo okerrago saldu diren gauzak ikusi ditut. Dena dela, dendako artikuluak eguneratzen saiatzea eta moda berrietara egokitzea garrantzitsua da.
Zein da momentu honetako moda?
Momentu honetan pastel koloreak dauzkaten gauza guztiak modan daude. Hortaz gain, azken urteetan zehar Santoro panpinarekin lotutako gauzak oso ondo saldu dira.
Zein motako bezeroak dauzkazue?
Mota guztietako bezeroak dauzkagu, baina, egia da neskek paper-dendako produktuak bereziki atsegin dituztela eta gauzak noizean behin berritzea gustatzen zaiela.
Erosketa ohitura berriek dendan eraginik izan dute?
Apur bat. Hala ere, jendea dendara hurbildu, haien esperientziak kontatu eta, askotan, konturatu gabe gauzak interneten garestiago erosten dituztela entzuten dugu.
Nolatan erabaki duzue dendaren kokapena aldatzea?
Egia esan, oso zaila izan da dena mugitzea eta denda berria egokitzen ari gara oraindik. Aspaldian lokala aldatzeko ideia buruan nuen, dendarentzako egokiagoa izango zen espazio bat aurkitzeko. Irungo lokalen prezioak oso garestiak dira eta guk, gainera, lokal handi bat behar genuen. Kokapen berri honetan oso pozik gaude, dendara argia sartzen zaigulako eta erakusleiho zabalak kaleko mugimendua ikusteko aukera ematen digulako. Gezurra dirudi, baina, dendaren aldaketak lan karga handia du atzetik, beraz, etorkizunean denda kokapen honetan manten-tzea espero dugu