Larretxipi kaleko 17. zenbakian Miren Arozenak Aral Quiromasaje izeneko masaje zentro berria ireki du duela gutxi. Bertan Mirenek era askotako masajeak eskaintzen ditu, beti helburua pertsonen ongizatea bilatzea delarik. Masaje bat jaso edo opari txartel bat lortu nahi dutenek 643269276 telefono zenbakian eskatu dezakete hitzordua edo info@aralquiromasaje.com helbidera idatziz. Gainera, Miren Arozenak azaldu duenez, zerbitzuei buruzko informazio osagarria aralquiromasaje.com webgunean kontsultatu daiteke.
Zein izan da zure ibilbidea orain arte?
2015ean hasi nituen nire kiromasaje ikasketak. Ordura arte beti egitekoen zerrendan nuen gauzetako bat zen, aurretik haur hezkuntzan aritu bainintzen lanean. Azkenean erabaki nuen kiromasajearen mundua probatzea, eta horrela konturatu nintzen asko gustatzen zitzaidala. Formatzen jarraitzea erabaki nuen eta horregatik espezializatu nintzen kirol masajean. Nire prestakuntza amaitu ondoren, etxez etxe lan egiten hasi nintzen, ohatila leku batetik bestera eramanez. Azkenean, neure kabuz lanean hasteko aukera ikusi dut, neure kiromasaje zentroarekin, baina, bitartean, hainbat ikastaroren bidez nire prestakuntza berritzen jarraitzeko aprobetxatu dut.
Esan duzun bezala, zure espezialitatea kirol masajea da. Zertan bereizten da?
Hori da. Hasieran, horretan espezializatzea erabaki nuenean, espezialitate zehatzegia edo estuegia izango zela iruditzen zitzaidan. Hau da, kirol masajea hitza entzutean, badirudi masaje mota horiek kirol jarduera jakin bat egiten duten pertsonentzat bakarrik daudela pentsatuta, baina ez da horrela. Masaje mota horiek jarduera jarraitua eta errepikakorra egiten duten pertsona guztientzat pentsatuta daude. Horregatik, kirolariak ez ezik, mugimendu errepikakorrak egiten dituzten langileak ere badira, hala nola margolariak, igeltseroak, iturginak edo beste edozein lanbidetakoak. Horrela konturatu nintzen espezialitate honek izan zitzakeen aukera guztiez. Kirol mota ezberdinak praktikatzen dituen jendearekin lan egin dut eta Behobia-Donostia lasterketa korritzeko jendea prestatu dut, baina baita behin eta berriz mugimendu berak egiten dituen bestelako jendea ere.
Zein dira kiromasajearen onurak?
Egia esan, kiromasajeak onura handiak ditu. Nire ustez, onura handienetako bat da kiromasajeak ongizate handia ematen duela. Garrantzitsua da barneratzea ez dugula lesiorik izan behar masaje bat behar izateko. Batzuetan, kontraktura bat dugu edo gure gorputzeko gune bat kargatua dugu, eta masaje soil batekin ongizate sentsazioa berreskura daiteke. Gainera, nabarmentzekoa da masajeek zirkulazioa aktibatzeko balio dutela. Harropuzkeria dirudi nik hau esateak, baina masajea hartu ondoren berrituta zaudela sentitu dezakezu. Kontrakturak, besteak beste, jarrera txarrek, estresak edo mugimenduaren errepikapen etengabeek eragin ditzakete.
Alde horretatik, prebentzioak garrantzi handia al du?
Bai. Normalean, beti erabakitzen dugu profesional batengana jotzea gehiago ezin dugunean. Gainera, egun batetik bestera masaje bakar batekin min guztiak sendatzea nahi dugu, baina hori ez da posible izaten. Nik, batez ere, asko lantzen dut prebentzioaren eremua; izan ere, uste dut masajearen bidez konpon daitezkeen gaitz edo min arinak daudela. Ezinean egon arte itxaroten baduzu, ezinezkoa da errekuperazioa azkarra eta erraza izatea. Oso garrantzitsua iruditzen zait gaizki aurkitzen hasten garenean gure beharrak identifikatzen jakitea, lehenbailehen zerbait egin ahal izateko. Gomendagarria izan daiteke bi hilabetean behin prebentzio neurri bezala masaje bat eskatzea, edo ohituratzat hartzea, ez zerbait puntuala eta azken konponbidea bezala.
Zer masaje mota eskaintzen dituzu?
Masajerik eskatuena, zalantzarik gabe, masaje deskontrakturatzailea da. Kirol masajea masaje deskontrakturatzaileen barruan egongo litzateke. Normalean, zerbikalak eta gerrialdeak izaten dira gorputzean gehien kaltetutako eremuak. Horregatik, gaur egun edozeinentzat onuragarria izan daiteke masaje deskontrakturatzailea, bakoitzaren ohiturak edo lanbideak alde batera utzita, askotan muskuluak konturatu gabe uzkurtzen baitzaizkigu. Horrez gain, bestelako masajeak ere egiten ditut, zirkulaziokoak, drainatze linfatikoak edo erreflexologia podala. Nire masaje batzuetan ere bentosak erabiltzen ditut. Adibidez, erreflexologia podaleko masajeek Txinako medikuntza tradizionalean dute jatorria, eta oinaren bidez puntu erreflexu batzuk bilatzen dira, gorputzeko beste atal batzuetan lan egiteko aukera ematen dutenak. Jendeak gero eta masaje teknika berezituagoak eskatzen ditu.
Gabonetarako masajeko opari bonuak aproposak izan daitezke?
Bai. Horretarako, eslogan hau erabiltzea erabaki dut: masaje on bat merezi duzu. Uste dut opari txartelak lotura estua dutela aurretik prebentzioari buruz esan dugunarekin. Esan dudan bezala, ez zara oso gaizki egon behar masaje bat hartzeko. Askotan ez dugu gure osasuna lehenesten, eta, horren ondorioz, askotan pentsatzen dugu ez dugula masajerik merezi. Horregatik uste dut oso egokia izan daitekeela masaje bat oparitzea zerbait fisikoaren ordez, horrela zuzenean ongizatea oparitzen duzulako. Norbaiti masaje baten opari txartela oparitzen diozunean, haren osasuna eta ongizatea axola zaizkizula erakusteko modu bat da. Horregatik, garrantzitsua iruditu zait opari bonu hauek eskaintzea; izan ere, uste dut arrakasta handia izan dezaketela Gabonetan, lagunei edo senideei opariak egiteko. Hala ere, egia da opari bonuak urte osoan zehar daudela eskuragarri. Beraz, opari bonu bat eskuratu nahi dutenak jar daitezela nirekin harremanetan.