Caser Residencialek modu aktiboan parte hartzen du belaunaldien arteko hainbat proiektutan

Caser Residencialentzat belaunaldien arteko proiektuek garrantzi handia dute. Izan ere, enpresak urteak eta urteak daramatza horrelako egitasmoen antolaketa sustatzen edo kanpotik proposatutako helburu berdineko proiektuetan parte hartzen. Belaunaldien arteko ekintzen helburu nagusia da adin mugak ezabatzea, haurrek, gazteek eta adineko pertsonek elkarrekin disfrutatzeko espazioak sortuz.

Belaunaldien arteko proiektuak onuragarriak dira horietan parte hartzen duten alde bientzat. Txikien kasuan, haurrei adineko pertsonekin harremantzeko aukera eskaintzen diete, beraiekin harremanetan jartzeko modua ikasteko. Era berean, onura bikoitza duten proiektuak dira, adineko pertsonek belaunaldi gazteengana gerturatzeko modua ikasten baitute, nahiz eta adinekoen egoitzetan bizi edo eguneko egoitzetako erabiltzaileak izan.

Caser Residencialek parte hartzen duen edo antolatzen dituen belaunaldien arteko ekintzak askotarikoak dira. Hau da, jardunaldi horietan eskulanak, kantuak, antzerkiak, magia emanaldiak edo bestelako ekintzak egiten dira. Izan ere, ekintza bera baino, parte-hartzaileak elkar ezagutzeko aukera da egitasmo horietan benetan garrantzitsuena dena. Horrela, jarduera zehatz edo jarraituen bitartez parte-hartzaileak elkar ezagutzea, harreman berriak sortzea eta haurrak zein adinekoak motibatzea lortzen da.

Ekintzen antzera, ekintzak egiteko aukeratutako topaguneak ere askotarikoak dira. Ekintza batzuk Anaka edo Betharram egoitzetan bertan egin ohi dira, bertan eskaintzen diren zerbitzuen erabiltzaileek parte hartu dezaten. Besteetan, ordea, belaunaldien arteko ekintzak irteerak antolatzeko aitzakia gisa baliatzen dira eta erabiltzaileak haurren haurtzaindegi, ikastetxe edo beste egoitza batzuetara mugitzen dira, horrela, beraien ohiko espaziotik ateraz.

Gainera, iraupen luzeko proiektuen kasuan haur eta adinekoen arteko harreman estuagoa sortzen dela ikusi da. Izan ere, ekintzak egiteko parte-hartzaileak talde txikitan sakabanatzen dira askotan, adin ezberdinen arteko nahasketa gertatu dadin. Horrela, elkar ezagutu ostean, hurrengo ekintza heltzen denean taldekideak elkarren bila aritzen dira eta pixkanaka harremana estuago dela nabari da. Horrelako ekintzen arrakastaren erakusle da haur zein adinekoek gogoz espero izaten dutela berriro elkar ikusteko aukera.

Belaunaldien arteko topaketa

Berriki Caser Residencial Irungo Toki Alai ikastetxeko DBHko 3. mailako ikasleekin era honetako egitasmo batean murgildu dira. Lehenik eta behin, Caser Residencialeko profesionalak ikastetxera hurbildu ziren adinekoen egoitza bat zer den eta bertan egoiliarren bizitza nolakoa den azaltzeko. Ikasleekin batera adineko pertsona horien bizitzaz hausnartu eta zalantzak argitu zituzten proiektuaren hurrengo urratsak azaltzeaz gainera.

Belaunaldien arteko topaketa horrek bigarren zati bat izan zuen. Izan ere, ikasleak Caser Residencialen egoitzetara bisitan joan ziren adineko pertsonekin elkartzeko. Horrela, haien bizitokia ezagutu eta elkarrekin hainbat ekintza egiteko aukera izan zuten, horien artean, ikasleek adinekoengan pentsatuz proposatutako eta antolatutako ekintza berezi bat.

Ikastetxeez gain, Caser Residencialek haurtzaindegi eta ludotekekin batera antolatutako belaunaldien arteko topaketetan parte hartzen jarraitzen du, baita mugaz gaindiko izaera duten proiektuen barnean ere. Gainera, urtea amaitu aurretik egin diren azken topaketek Eguberri ukitua izan dute, horietan egindako abestiak, antzerkiak eta eskulanak urteko garai berezi honekin lotuak egon baitira.

Belaunaldien arteko proiektuez gain, eskualdeko Caser Residencial egoitzetan Gabonak ospatzeko ohiko ekitaldi bereziak ere antolatu dira. Esaterako, San Tomas, Olentzeroren etorrera eta Errege Egunaren ospakizuna, eta bestelako ekintza bereziak.  Era honetan, Eguberrien magia Caser Residencialeko erabiltzaile guztiengana iritsi da berriro ere, adin mugak alde batera utzita.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude