Belaskoenea eta Elatzeta ikastetxeek zentroen eraginkortasun energetikoa hobetzeko neurriak jarriko dituzte martxan

Irungo Udaleko Garapen Jasangarriko Arloak antolatuta, 2023-2024 ikasturtean zehar, Belaskoenea eta Elatzeta ikastetxeek beraien zentroaren eraginkortasun energetikoa hobetzeko neurriak jarriko dituzte martxan. Honetarako, zentro bakoitzeko ikasle, irakasle, mantenu arduradun eta udal ordezkariak elkarlanean arituko dira. Aurrezki ekonomikoa erdibana banatuko da Udala eta ikastetxeen artean, irtenbide jasangarriak txertatzen jarraitzeko helburuarekin.

Abenduaren hasieran Belaskoenea eta Elatzeta ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako ikasleak energiaren azterketan murgildu dira. Energia Taldea sortu eta diagnostikoa osatzen hasteko lehen lan-saioa ospatu dute jada.

Proiektuaren protagonistak

Ikasleak modu aktiboan inplikatuko dira ikastetxeko energia kontsumoaren jarraipena eginez. Irakasle, mantenu arduradun eta udal ordezkariekin elkarlanean kontsumoa murrizteko irtenbideak adostu eta ikasturtean zehar martxan jarriko dituzte.

Horretarako, ikastetxe bakoitzean “Energia Taldea” izendatu da. Lehen Hezkuntzako 45 haur ingururen parte hartzearekin talde hauek osatu dira. Haur ordezkariek gainontzeko ikasleei programaren berri emateko ardura izango dute.

Ikasturteko ibilbidea

Belaskoenea eta Elatzeta ikastetxeetan lau lan-saio antolatuko dira 2023ko abendutik 2024ko martxora bitarte. Saio hauen bitartez energia taldeak sortu eta programa dinamizatuko da, ikasle zein irakasleei zuzendutako baliabideak eskainiz.

Ikasturtean zehar ikastetxe bakoitzaren ekintza-plana zehaztu eta ezarritako neurrien jarraipena egingo da, energia kontsumoa murrizte aldera.

Emaitzen aurkezpena

Energia kontsumoa murrizteak ekartzen duen aurrezki ekonomikoa erdibana banatuko da Udala eta ikastetxeen artean, garapen jasangarriaren aldeko konpromisoa eskertuz.

Lorturiko emaitzak aurkezteko bi txosten egingo dira, lehena 2023ko abenduan, eta bigarrena 2024ko irailean. 50/50 metodologia jarraituz, Irungo ikastetxe eta udal ordezkarien arteko elkarlana bermatuko da. Horretarako, lau bilera ospatuko dira ikasturtean zehar.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude