Zelai beteko bataila

Joan den abuztuaren 31an San Martzialeko batailaren bigarren mendeurrenaren egun handia ospatu zen. Historia, ikuskizuna, meza eta bazkaria izan ziren San Martziaeko Alardearen Agintarien Batzordeak Irungo Udalaren laguntzaz antolatutako programaren ardatzak.

batailaG_5236batailaG_5506

Jo eta ke borroka sutsuan aritu ziren Espainiako armadako soldaduak, portugaldarren eta britainiarren laguntzaz, Napoleonen tropak mendean hartzeko. Aldabe mendiko zelaian, 1813. urtean bezala, danborrak eta tiroak entzun ziren, harik eta Freire jeneralak Soult mariskala atzera bota zuen arte. Independentzia gerraren azken guduetako bat izan zen, eta erabakigarria.
Bataila-zelaia jendez lepo egon zen ordubetez, Urgull Histórico kultur elkarteak antzeztu zuen berregintza historikoa ikustera jende asko joan zen eta. Ehun bat gizon-emakumek, duela 200 urteko gudarien jantziak soinean, larrua jokatu zuten. Tartean baziren irundar zenbait; adibidez, Frantziako tropen buruzagiaren paperean, Hatxeroen kabo Joxin Galzacorta, eta Eneko Navarro turutaria.
Baina programaren lehenengo ekitaldia goizean goiz hasi zen, Lastaola ibian. Bertatik abiatu zen batailaren eszentoki nagusiak ezagutarazteko bisita gidatua. Parte-hartzaileak San Martzialeraino igo ziren historialarien azalpenak entzunez.
11:30ean San Martzial baselizan aire zabaleko meza egin zen. Ondoren, batailan hil zirenen omenezko ekitaldia hasi zen. Txilibitari eta danborrari talde batek martxa napoleonikoak interpretatu zituen. Jarraian, Irungo alkateak eta Alarde tradizionaleko jeneralak oroitzapen-plaka bat estalgabetu zuten. “Irungo herria 1813ko abuztuaren 31ko batailan beren bizitza eman zutenei” esaldia idatzita dago bertan.
Egitarauari amaiera emanez, Ficoban herri bazkaria egin zen .

batalla de san marciial1

Inbasio Napoleonikoak: erakusketa Oiasso Museoan

Oiasso Museoan datorren urriaren  27ra arte Inbasio Napoleonikoak 1808-1813 izeneko erakusketa ikusgai izango da. Erakusketa hau Irunen, Bergaran eta Tolosan aurkeztuko da, frantziarrek probint-zia inbaditu zutenean gertakizun nagusien eszenatoki izandako herrietan, alegia.
Erakusketaren elementu nabarmena  San Martzialeko Bataila deituriko margolana da, Augusto Ferrer Dalmau pintore kataluniarren obra, Defentsa Ministerioak bigarren mendeurrena gogoratzeko enkargatutakoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude