IÑAKI GARRIDO, historialaria: “Urte aproposa da hiriaren historiari gainbegiratua emateko”

Duela 250 urte lortu zuen Irunek udalerri independente bilakatzea. Hondarribiaren mende egon zen ordura arte. Urteurrena ospatzeko jarduerak antolatzeko, batzordea osatu dute hirian. Udal talde politikoetako, Oiasso museoko, udal artxiboko eta Bidasoa Turismoko ordezkariak daude, erakundeei dagokienez. Bestelako elkarteak eta eragileak ere parte hartzen ari dira: LUKT Luis de Uranzu Kultur Taldea, IAE-AFI Irungo Argazki Elkartea, Irungo Hiritar Foroa eta Santiagotarrak Kirol Elkartea. Gipuzkoako Historialarien Elkarteko ordezkari gisa dago Iñaki Garrido historialari eta genealogista irundarra. Madrilgo Heraldika eta Genealogia Errege Akademiako akademikoa da Garrido, besteak beste. 2016ko jarduerei hasiera eman zien otsailaren 26an, 1766ko gertakariaren inguruan emandako hitzaldiarekin. SONY DSC
Zer gertatu zen duela 250 urte? Nola lortu zuen independentzia Irunek?

1766ko otsailaren 27an, Carlos III.a Espainiako erregeak Iruni jurisdikzio propioa ematen zion dokumentua sinatu zuen (Jurisdikzio Salbuespenezko Errege Zedula). Aurrerantzean, alkate propioa eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan parte hartzeko aukera izan zituen Irunek.

Ordura arte beti Hondarribiaren mende egon zen hiria?

Irunek funtzionamendu propioa zuen, eta eskumen txiki batzuk ere bai. Baina Hondarribiko udalari baimena eskatu behar izaten zion, eta justiziarekin erlazionatutako guztia Hondarribiak kudeatzen zuen. Egoera berdinean zeuden Lezo eta Pasaia ere bai.

Istilu larriak izan ziren Irunen eta Hondarribiaren artean”
Nolakoa izan zen Hondarribiarekiko harremana Errege Zedularen aurretik?

Aurretik, oso txarra. Ia 250 urte eman zituen Irunek independente izan nahian. Beste lau saiakera izan ziren, lehenago. XVII.mendean bi, eta XVIII.mendean beste bi. Hondarribiak ez zuen onartzen, batez ere, Bidasoaren beste aldetik etorritako erasoen aurrean, Irun ahula zelakoan. Aitzakia hori jartzen zuen, behintzat.

1757an, Hondarribiko alkateak Irungo gizon bati heriotza zigorra ezarri zion, kontrabandoa zela eta. Bi urte beranduago, matxinada txiki bat izan zen Irunen, bertan ekoizten zen tabakoa ilegala zela salatu zuelako Hondarribiak. Armada bidali zuten, eta atxilotutakoak eta hildakoak izan ziren. Istilu larriak izan zirela esan nahi dut.

Ondoren hobera egin al zuten harremanek?

1766tik aurrera ere, gatazkak izan ziren urtetan. Alde batetik, Irunen eta Hondarribiaren arteko mugei dagokienez. Bestetik, ibaiaren, paduren eta bertako baliabideen ustiatzearekin lotuta ere bai. Hondarribiak ez zuen Irunen independentzia egun batetik bestera onartu.

Nola irudikatu behar dugu 1766ko Irun?

Udaletxearen erakina hiru urte lehenago amaitu zuten, 1763ko urtarrilean. Junkaleko eliza ere bazegoen, eta Arbelaitz, Beraun eta beste jauregi batzuk ere bai. Beste eraikin asko desagertu dira, ondorengo gerren ondorioz. Orain baino askoz txikiagoa zen Irun, baina argi eduki behar da, Hondarribiaren mende zegoen arren, Gipukoa osoan biztanle gehien zuen herria zela. Ia 2.800 biztanle zituen orduan.

Hazkunde handia izan zuen Irunek independentzia lortu ondorengo mendean zehar?

1766tik aurrera oiartzuar eta nafar asko etorri ziren Irunera, baserriko bizimodua utzita. Hurrengo mendean, Lehen Karlistada amaitu eta gero, lehen trenbidea heldu zen Irunera. Aduanak, aldiz, Bigarren Karlistadaren ondoren. 1840-1880 epe horretan hazkunde handia izan zuen Irunek, 10.000-11.000 biztanle edukitzeraino. Gaztelako, Errioxako eta Nafarroako jende asko etorri ziren Irunera, garai hartan.

“Ideia da 1766tik aurrera hiriak izan duen bilakaera azaltzea, zenbait gertakari historiko aztertuz”
250.urteurrena ospatzeko batzordea osatu duzue. Zertan ari zarete lanean?

Hasteko, Gipuzkoako historialarien elkarteak zenbait ideia aurkeztu zizkion Irungo Udalari, abenduan. 2016 urtean hitzaldi sorta bat egitea, esaterako. Historiarekin lotutako hitzaldiak izango dira, noski, baina gai ezberdinei buruzkoak. Otsailaren 26koa izan zen lehena.

250.urteurrena dela eta sortutako batzordearen bidez, ibilbide historikoak, erakusketak, edo birsortze historikoak prestatzen ari gara. Ideia da 1766tik aurrera Irunek jasan duen bilakaera azaltzea, zenbait gertakari historiko aztertuz. Beste urteurren asko betetzen dira aurten: Abenida zubia eraiki zutela 100 urte, Aduanak ezarri zirela 175, Bidasoko trena martxan hasi zela 100, Gerra Zibilean hiria suntsitu zutela 80. Beste batzuk ere bai: Oiasso Museoak 10 urte, Santiagotarrak Kirol Elkarteak 50 etab. Urte aproposa da hiriaren historiari gainbegiratua emateko.

Jarduerak didaktikoak izan daitezen saiatuko zarete. Gazteak erakartzeko asmoz?

Jendearen interesa pizteko modu ezberdinak bilatu behar dira. Otsailaren 26ko hitzaldian, adibidez, antzerki txiki bat prestatu genuen, eta Errege Zedula bertatik bertara ikusteko aukera egon zen. Ikusmina behintzat sortu zen, aretoa bete egin baitzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude