Hezkuntza eta lana, askatasunerako bide

Ahalduntzeko urratsak eman dituzten emakume ijitoak gonbidatu ditu I-Romik

Eredugarri izan daitezkeen emakume ijitoen hitzaldia antolatu du Irungo I-Romi elkarteak martxoaren 8ko goizean. Mujeres abriendo camino izenburua hautatu du. Nafarroako eta Bizkaiko bizilagunak gonbidatu ditu Amaia Kultur Zentroko hitzaldi aretora. Elkarteko emakumeak bildu dira, batzuk haur-kotxe eta guzti. Baina ijitoak ez ziren entzuleak ere izan dira. Arretaz entzun dute denek.IMG_20160308_112056

Hezkuntzarako eta lan mundurako sarbidea edukitzea ez da erraza izaten ijitoen komunitateko kideentzat, orokorrean. Baina emakumeentzat, zer esanik ez. Bi esparru horietan lan egiten dute, hain zuzen ere, Amaiara gonbidatu dituztenek. Nabut enpresako koordinatzaileetako bat eta bi langile irten dira, lehenengo, haien esperientziaren berri ematera. Ijitoen Idazkaritza Fundazioaren babesarekin, Iruñean sortutako enpresa da Nabut. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza jasotzen du, enplegu iraunkorrak lortzeko zailtasunak dituen jendeari lan aukerak emateko. Langileek ondorengo bi baldintzetako bat bete behar dutela jakinarazi du Pablo Martínez koordinatzaileak: “50 urtetik gorako iraupen luzeko langabeak izan daitezke, edo bazterketa sozialeko arriskuan dagoen jendea, bestela”. Bigarren multzokoak dira egungo langile gehienak.

“Gurekin izandako esperientziaren ondoren, lan mundura jauzi egiteko prest egoten dira”
Pablo Martínez, Nabut enpresako koordinatzailea

2003an sortu zen Nabut, lau langilerekin. Arropa denda bat zabaldu zuten Iruñeko Rotxapea auzoan. Kiosko bat ere izan zuten ondoren, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko kanpusean. “Gure lana ikusgarri egiteko esperientzia interesgarria izan zen, ehunka ikasle eta irakasle pasatzen zirelako egunero aurretik”, nabarmendu du Martínezek. Nabut-ek ez zion krisi ekonomikoaren astinduari ihes egin, eta denda eta kioskoa itxi behar izan zituen. Bestelako negozio aukerak bilatu behar izan zituen, beraz. Gaur egun, hiru adar ditu: garbitegi industriala, etxez-etxeko garbiketa, eta bulegoko materialaren salmenta, internet bidez. Hiru urteko kontratuak eskaintzen dizkiete langileei. Denbora horretan, lana eta soldata emateaz gainera, etorkizunean lan merkatuan sartu ahal izateko formazioa eta baliabideak eskaintzen dizkiete. “Gurekin izandako esperientziaren ondoren, lan mundura jauzi egiteko prest egoten dira”, argitu du Pablo Martínezek.

Enplegua topatzeko zailtasun handiak zituen Ainorak. Beharra eta gogoa bazituen, senarra langabezian dagoelako, eta seme-alabak dituelako. “Ijitoa izateagatik, ate asko itxi zizkidaten”, baieztatu du. Gizarte laguntzaile baten bidez, Nabut enpresaren berri izan zuen. Lana eskaini ziotenean, bere amak ez zuen begi onez ikusi, gizonen artean egongo zelako lanean. Bera ere beldurrez joan zela onartu du. Giro atsegina topatu zuen, ordea: “Oso ondo hartu ninduten. Errespetu handia dago gure artean, familia handi baten modukoa gara”. Garbitegi industrialeko arduraduna da gaur egun, eta gizonak ditu bere ardurapean. “Emakume ijitoentzat aurrera pauso handia da hori”, adierazi du Ainorak. Carolina lankideak, emakume ijitoen lan egiteko eskubidea aldarrikatu du, jaso dituzten hezkuntzaren eta ohituren gainetik: “Emakumeak senarra eta seme-alabak zaindu behar dituela erakutsi digute. Baina hori baino gehiago ere bagara. Emakumeok ahaldundu behar dugu. Ikasi nahi badugu ikasi, eta lan egiteko aukera baldin badugu, lan egin”.

Oinarrian, hezkuntza

Lan merkatuan murgiltzea ia ezinezkoa da oinarrizko hezkuntza ere jaso ez duenarentzat. Hori dela eta, neska-mutil ijitoak ikasten jarrai dezaten animatzea eta prozesu horretan laguntza ematea da Amuge Euskadiko Emakume Ijitoen Elkartearen helburu nagusietako bat. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza uzteko zorian egon ondoren, gaur egun erdi mailako heziketa zikloak ikasten ari diren neskek haien esperientzien berri eman dute. Tamara Clavería Amugeko arduradunaren laguntza ezinbestekoa izan da norabide aldaketa horretan. “Transformazio handia izan dute neskek. Mahaiak leihotik botatzetik eta komunak erretzetik ofizioak ikastera pasa dira”, azaldu du Claveríak: “Ikasketekiko interesa sortzeko lan egiten dugu”.

Formaziorik gabe, ez dugu babesik. Hezkuntza ezinbestekoa da”
Tamara Clavería

Gizarte Hezitzaile ikasketak egin dituen ijitoa da Tamara Clavería. Harro dago egindako hautuaz, baina etxean oztopoak jarri zizkiotela onartu du. Horregatik, seme-alabei halako hesirik ez jartzeko eskatu die entzuleei: “Ikasteagatik ez dugu ijitotasuna galtzen. Ez gara payo bihurtzen”. Claveríak ez dio ijito nortasunari uko egin. Ezta gutxiago ere. Gainera, orain munduaren aurrean defendatzeko argudioak dituela azpimarratu du. “Formaziorik gabe, ez dugu babesik. Hezkuntza ezinbestekoa da”, azpimarratu du Tamara Claveríak. Argi esan du formazioa lan egiteko bidea dela. Eta lana, askatasunarena: “Aske izan nahi dugula esaten dugu maiz ijitook. Baina nola izango gara aske, oinarrizko errentari lotuta baldin bagaude? Lan egiteko formatu behar dugu, bestela merkatua eta txatarra besterik ez zaizkigu geratzen”. Txalo zaparrada hunkigarria jaso du Tamara Claveríak. Entzule baten baino gehiagoren kontzientzia piztu du gazteak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude