Amaitu da Gazte Folk jaialdiaren ibilbidea

Hogei urtez etenik gabe jaialdia antolatu ondoren, Gazte Folk bertan behera uztea erabaki du Eraiki Dantza Taldeak. Arrazoi ekonomikoak izan dira nagusi, baina boluntarioak lortzeko azken urteetan izan duten zailtasunak ere eragina izan du. 1997 urtean jarri zuten martxan nazioarteko gazte folklore jaialdia, eta Eraiki Dantza Taldearen jardunaren zutabe handietako bat izan da azken bi hamarkadetan.

2017an festibala arlo ekonomikoan bideragarria izango zen bermerik ez zuen Eraiki Dantza Taldeak. Hori izan da zuzendaritza taldearen erabakiaren arrazoi nagusi. “Erakundeen partetik jasotzen genituen diru partida nagusiak murriztuz ari ziren. Gainera, zailtasun handiak genituen babesle pribatuen inbertsioak lortzeko”, argudiatu du Koldo Ribera Eraikiko zuzendaritza taldeko kideak. Ekonomikoak arrazoien %75 izan direla aitortu du, hala ere, Riberak.

Ezin genuen horrelako egoera ez jasangarri bat luzaroan mantendu”
Koldo Ribera

Gainerakoan, jaialdiaren antolakuntzan lagunduko zuten boluntarioen eskasiak eragin du erabakia. “Proiektuak hazkunde bat eskatzen zuen, eta ondorioz, lan karga gero eta handiagoa”, azaldu du Koldo Riberak: “Eraiki taldea garai batekoa baino txikiagoa da gaur egun, eta inguruko jendea erakartzea ere gero eta zailagoa egiten zitzaigun”. Azken urteetan, antolatzaile lanetan zebiltzan boluntarioek ahalegin ikaragarriak egin behar izan dituzte. “Ezin genuen horrelako egoera ez jasangarri bat luzaroan mantendu”, adierazi du Riberak.

“Jaialdia azken hogei urteotan posible egin dutenen lana, esfortzua eta borondatea gogoratu eta goraipatzea besterik ez zaigu geratzen”
Oscar Lucas

Urtetan jasotako laguntza eskertu nahi izan die Eraikik kolaboratzaile eta lagun guztiei. “Jaialdia azken hogei urteotan posible egin dutenen lana, esfortzua eta borondatea gogoratu eta goraipatzea besterik ez zaigu geratzen”, baieztatu du Oscar Lucak Gaztefolk-eko presidenteak, komunikabideei bidalitako gutunean. Denbora guzti horretan lortu dituzten esperientzia eta baliabideak aprobetxatu eta baten batek beste jaialdiren bat proposatu nahi baldin badu, haiek laguntzeko prest daudela aipatu du Koldo Riberak. Momentuz, baina, Gaztefolk-ek ez du jarraipenik izango.

Harreman sendoak sortu ditu gazteen artean

Bidearen amaierara helduta, atzera begiratzeko tartea ere hartu dute Eraikiko arduradunek. Gaztefolk-en ekarpenaren balorazio positiboa egin dute. Batetik, Irungo uztaileko programazioan ezinbesteko elementu bilakatzea lortu zuen festibalak. Baina batez ere, parte hartu izan duten gazteen arteko loturak nabarmendu ditu Koldo Riberak: “Kultura aniztasunaren balioa ezagutzeko aukera izan dugu. Gainera, dantza taldetik pasa diren gazteek, beste herrialdeetara bidaiatu ahal izan dute, Gaztefolk-i esker”. Esperientzia ederrak bizi izan dituzte Eraikiko dantzari eta musikariek, baina beste herrialdeetatik etorri diren gazteek ere bai. “Uste dugu Irun hiria jende askoren bihotzetan gelditu dela. Etorri izan direnean oso ondo pasa dute, oso harrera ona jaso dute”, azpimarratu du Koldo Riberak.

Hemendik aurrera, beste proiektuetan jarri beharko du arreta Eraikik. Dantza talde gaztea da gaur egun. 75 partaide dira guztira, bost urtetik gorakoak. Gehienak haurrak diren arren, 16-20 urte artekoen talde txukuna dutela uste du Riberak: “Urteak daramatzate, eta pixkanaka ardurak hartzen ari dira. Haiengan egongo da taldearen etorkizuna”. Hiru zatitan banatzen dute ikasturtea Eraikin, hitzordu nagusien arabera: “Santo Tomas, Inauteriak, Amaia Kultur Zentroko saioa, eta sanmartzialetako emanaldia”. Udaran Gipuzkoan zehar saioren bat lotzen saiatuko dira, baina atsedena hartzeko ere baliatu nahi dute. Azken urteotan, festibalak ez baitie tarte handirik utzi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude