Irungo historia hiriko ikasleengandik gertuago

Memoria Historikoko arloak proiektu pilotu bat jarri du abian irungo historia ikastetxeetara modu berritzailean eta aitzindarian eramateko. Santi Jiménez ordezkariak, Gorka Añibarrok lagunduta, Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutako ekimena dela azaldu dute. Proiektua Euskape enpresarekin batera landu da.

Ordezkariak azaldu duenez, iazko azarotik Irungo ikastetxeekin eta memoria lantzen duten erakundeekin elkarlanean aritu dira memoria historikoaren inguruko zenbait jarduera egiteko. “Bilera horien emaitza da proiektu hau”, adierazi du Santi Jiménezek. Memoria historikoaren inguruan hirian egingo den lehen escape street-a da. Jardueraren helburua Irungo ikasleak memoria historikoaren inguruan kontzientziatzea da, logika, orientazio eta abileziako jokoen bidez. Proiektu pilotu honetan DBHko 3. eta 4. mailako 300 ikaslek baino gehiagok parte hartuko dute, Txingudi, Toki Alai eta Eguzkitzakoak. Jokoaren saioak maiatzaren 2tik 6rako astean egingo dira.

Hiria bera erabiliko da jokoaren agertoki gisa eta, beraz, jarduera mugitu eta dinamikoa izango da. “Oso modu aproposa da jokalariek beren ohiko ingurunean ikas dezaten, eta ingurune hori beste modu batean ikusteko gauza izan daitezen”, adierazi dute Memoria Historikoko arlotik. Jokoan hiriko intereseko sei gune bildu dira. Gune horiek zuzeneko lotura dute memoria historikoarekin, leku bakoitzean iraganean gertatutakoen berri emango baita. Intereseko gune batetik bestera pasatzeko, bizkortasun, logika eta abilezia mentaleko zenbait proba gainditu beharko dira, betiere hiriaren historia pedagogikoki ikasteko asmoz.

Gune hauek izango ditu jokoak Irunen:
1.- Nazioarteko zubia: Lehen puntu honetan, zubia ihes egiteko bide izan zeneko urteak ekarriko ditugu gogora. Biktima horietako asko hilabete batzuen buruan itzuli ziren, beste batzuk urte batzuen ondoren, baina ehunka pertsona ez ziren inoiz itzuli.

2.- Gal estadioa: Futbol zelaitik haratago, bertan izandako kontzentrazio esparruaren zantzuak bilatu eta oroituko ditugu.

3.- Olaberriko kanala: Presoek eraiki zuten kanal/errekasto hau, Francoren garaian, kartzelaldiak murrizteko. Kanala bi urtean egin zen, eta oso baldintza gogorretan aritu ziren lanean langileak, egunean 12 ordutik gora ere lan eginez.

4.- Irungo Udaletxea: Informazio puntu bateratua. Komunikazio puntua. 1936an ez zegoen mugikorrik, ez internetik. Hiritik kanpoko, gerra-fronteko eta abarreko albisteen berri izateko aukera bakarra udaletxera joatea zen.

5.- Irungo kasinoa: Oso eraikin ezaguna da, Colón pasealekuan. Eraikin historikoa da, eta erreferentea izan zen gerra garaian. Jantokia izan zen, antolakuntzako eta hornikuntzako tokia, etab.

6.- Zentro errepublikanoa: Jarduera politiko errepublikanoaren gunea Zabaltza plazan. Bilerak, mobilizazioak, manifestazioak eta abar egiten ziren bertan. Eraikin horrek Bigarren Errepublikan izan zuen historia eta garrantzia ezagutzera ematea da helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude