Aro berria Irun eta Hendaia lotzen dituen Etorbidearen zubiarentzat

Etorbidearen zubiak aro berria estreinatu berri du. Azken hiru urteetan zehar hiriko zubi historiko hau itxita egon da egitura berritzeko konponketa lanak direla eta. Astebete lehenago Udaletik zubiaren irekierako gutxi falta zela iragarri ostean, abuztuaren 28an desagertu ziren zubia inguratzen zuten hesiak, Etorbidearen zubiaren aro berria inauguratzeko.

Etorbidearen zubia 2017. urteko apirilean itxi zen, zubiaren estruktura ikertu zuen informe batean zubirako sarbidea debekatu ostean. Urte hauetan zehar zubian egindako lanen bitartez zubiaren egitura metalikoa osatzen duten elementuak zaharberritu dira, kalte garrantzitsuak zeuzkaten piezak ordezkatuz.

“Berrikuntza lanez gainera, zubiaren itxura originala berreskuratu nahi izan da”
José Antonio Santano, Irungo alkatea

Behin berrikuntza lanak amaituta, Etorbidearen zubia oinezko zein txirrindularien pasabidea da berriro ere. Lanak amaitu aurreko egunetan José Antonio Santano alkatea zubira hurbildu zen lanen bilakaera gertutik jarraitzeko. Irungo alkateak adierazi zuenez, “Irungo udalarentzat oso garrantzitsua da Etorbidearen zubia bezala hiriko historiaren parte izan diren espazioak kontserbatzea”. Irungo alkateak azaldu duenez, zubia berritzeko zerbait egitea beharrezkoa zela antzeman ostean abiatu zen proiektu hau. “Berrikuntza lanez gainera, zubiaren itxura originala berreskuratu nahi izan da”, gaineratu du José Antonio Santano alkateak.

“Bi aldeetako biztanleak zubi berria estreinatzeko irriketan daude”
Kotte Ecenarro, Hendaiako alkatea

Kotte Ecenarro Hendaiako alkatearen hitzetan, “Irungo udalari eskerrak eman nahi dizkiot bi hirientzat oso garrantzitsua den zubi hau berritzeagatik”. Irungo alkateak nabarmendu duenez, Irun eta Hendaiako Udalen kolaborazioa ezinbestekoa izan da zubiaren berreraikuntza lanak aurrera eraman ahal izateko. Azken urteetan zehar egindako lanek emaitza bikaina izan dute azkenean Hendaiako alkateak adierazi duenez, “bi aldeetako biztanleak zubi berria estreinatzeko irriketan daude”.

Berrikuntza lanak
Konponketa lanetan, batez ere, zubiaren zutabe eta estriboen zimendua berritzeko lan egin da, taula, baranda eta zubiaren gainazalaren urabinaziorako lanak egiteaz gainera. Zehazki, lodiera originalarekin alderatuta %20tik gorako lodiera orokor edo lokala galdu duten piezak eta korrosio garrantzitsua zuten piezak ordezkatu dira. Hortaz gain, zutabeen zimentazio lanak egin dira, hormigoizko oholtza zaharberritu eta inpermeabilizatzeko lanekin batera. Lanen azken fasean, gainazala pabimentatu eta zubiaren ertzetan baranda originalaren erreplika kokatu da.

Zubiaren berrikuntzarako funtsezkoa izan zen faseetako bat zubiaren inguruetatik ikusi ahal izan zen zenbait hilabeteetan zehar. Hilabete horietan zehar zubiaren taula gainean kokatutako habe metaliko bat sortu zen, zubia zintzilik gelditzen den estribo eta pilan eutsi zena. Egitura honen helburua konponketa lanak egiten ziren bitartean zubia eustea izan zen. Berrikuntza lanek guztira 2.053.015 euroko aurrekontua izan dute eta Acciona Construcción S.A enpresak burutu ditu.

Baranda berezia
Etorbidearen zubiaren bazterrean kokatuta zegoen barandak kalte garrantzitsuak zituela ikusita, barandaren erreplika bat egin eta originala ordezkatzea erabaki zen. Dena dela, baranda originalaren zenbait zati kontserbatu dira, zubiko puntu ezberdinetan kokatzeko. Fundinoxcortes enpresak zubiaren bereizgarrietako bat den baranda berritzeko enkargua jaso zuen eta 224 baranda metro sortu ditu, kasu honetan, burni originala baino iraunkorragoak diren teknika eta materialak erabiliz. Galiziako enpresa honek lan aipagarriak egin ditu estatu mailan, adibidez, Espainiako bankuaren ateak edo Madrilgo Retiro parkeko hesiak berrituz.

Mende bateko istorioa
1902. urtean Cipriano Larrañaga, orduan Irungo alkate zenak, Santiago inguruan eta Hendaiako geltokitik gertu zubi bat eraikitzeko asmoa zuela jakinarazi zion Gipuzkoako Aldundiari. Izan ere, garai hartan, egungo zubia kokatzen den eremuan txalupen zerbitzua eta Aduanaren eraikina ziren inguruan kokatutako zerbitzu bakarrak. Etorbidearen zubiaren eraikuntzarako lehen proiektua 1910. urtean idatzi zen eta 1912. urteaz geroztik sendotu zen proiektua.

Anaka Kofradiaren webgunean azaltzen denez, León Iruretagoyena Irungo alkate zen Etorbidearen zubia 1915eko azaroaren 5ean inauguratu zenean. Eraikuntza lanak Salvador de Azúa eraikitzaileak zuzendu zituen. Zubia garai hartan Frantziako etorbide gisa ezagutzen zen etorbidearen amaiera kokatzen zenez, Etorbidearen izena ipini zitzaion. Hasieran zubiaren erabilera oinezkoentzako erreserbatuta zegoen, beharrezkoa erresistentzia probak egin ziren arte. Igarobidea inauguratu eta lehen urtean zehar 187.000 pertsonek Etorbidearen zubia oinez gurutzatu zutela zenbatu zen.

Obrak 335.108 pezetetako kostua izan zuen, beraz, zubiaren eraikuntza kostuak amortizatzeko helburuarekin pertsona bakoitzak 5 zentimoko bide-saria ordaindu behar zuen zubia gurutzatu ahal izateko, ibilgailu eta zaldunek bestelako prezioa ordaintzen zuten bitartean. Zubiko argiteria, berriz, 1917. urtean ipini zen.

1966. urtean Santiago zubia eraiki zen René Petit Real Unioneko jokalari izan zen ingeniariaren eraikuntza planak jarraituz. Santiago zubia inauguratu eta trafikoa bertara desbideratu zenetik, Etorbidearen zubia oinezko eta txirrindularientzako igarobide batean bihurtu zen.

G57358: Raymond Vanker kazetari frantsesa Etorbidearen zubitik ihesi eskuetan haurtxo bat duelarik.

Pasabide historikoa
Etorbide zubi berriaren aurkezpenean José Antonio Santano alkateak adierazi zuenez, “zubiaren berreraikuntzarekin Bidasoaren memoria historikoa mantentzeko pausua eman da”. Izan ere, zubia Irungo hiriko gertakari historikoekin lotura estua izan du. Esaterako, 1936ko irailaren hasieran Irungo hiria okupatua izan zenean milaka irundarrek Etorbidearen zubia zeharkatu zuten hiria suntsitu zuten gerra eta sutetik ihes egiteko. Zubia Frantzia eta Espainiako estatuen arteko igarobidea errazteko helburuarekin eraikia izan bazen ere, Bigarren Mundu Gerraren hasierarekin muga bi aldeetan itxi zen.1940. urtean Companys presidente Katalana Etorbidearen Zubian atxilotua izan zen eta, urte berean, judutar talde batek zubia gurutzatu eta III. Reichetik babestea lortu zuten. Hain zuzen ere, 1940ko ekainaren 29an Hirugarren Reichak Frantziako muga okupatu zuen.

1955. urtean Espainiaren kontrako nazioarteko boikota amaitu zen. Ondorioz, Espainia Nazio Batuen Erakundean (NBE) onartua izan zen eta kanpo blokeoa amaitu zen. Gertaera horien ostean, Etorbidearen zubiko trafikoa handituz joan zen, bertatik joan-etorriak egiten zituzten merkatari zein turisten kopuruak gora egin zuen bitartean. Hendaiako alkateak zubi berriaren inaugurazioan aipatu zuenez “zubia historikoki sufrimenduarekin loturik egon den arren, ez da ahaztu behar, era berean, esperantza eta askatasuna ere ekarrai zituela”.

80 urte Companysen atxiloketatik
Alemanek Frantzia okupatu ostean, Pariseko enbaxada frankistak zuzeneko harremana ezarri zuten Naziekin. Honela, Errepublikako gobernu eta politikarien egoitzak konfiskatu eta bertan topaturiko informazioa baliatu zuten, erbesteratuak errepresaliatzeko. Pedro Urraca polizia agentea gakoa izan zen, erbesteratuak topatu eta espainiar Estatura deportatzeko. Lluís Companysen kasuan, 1940ko abuztuaren 13an atxilotu zuten Ar Baol-en Gestapoko sei agente eta Pedro Urracak.

Abuztuaren 25ean, Companys Madrilera estraditatzeko agindua jaso zuen Urracak. Atzerri aferetako zerbitzu frankistek “ezkutuko” ohar batean bidali zuten agindua. Bertan, “Companys goizaldean irtengo da, autoz, eta ofizial aleman bat eta Urraca Jaunarekin joango da, Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusiko funtzionarioa eta enbaxadako erantsia”, zehazten da. Agindua Ramón Serrano Suñerrek idatzi zuen, Francoren atzerri aferetako ministroa.

Frantzia okupatuko agintari nazien onespenarekin burutu zen estradizioa. Autoa abuztuaren 29an heldu zen Irungo Etorbdiearen zubira. Urracak Companysen azken argazkia atera eta Biarritzen erositako postal bat eman zion, Carme Ballesterri idazteko. Abuztuak 29 eta urriak 3 artean, Madrilgo Dirección General de Seguridad-en kalabozoetan egon zen Lluís Companys, eraikin azpiko banakako ziega batean. Urriaren 3an, Montjuic-era lekualdatu zuten eta Gerra Kontseiluan heriotza zigorra ezarri zioten. Urriaren 15eko goizaldean fusilatu zuten.

Historian zehar Mata Hari edo Luis Mariano bezalako pertsonai garrantzitsuek gurutzatu dute Etorbidearen zubia. Zubiaren aro berri honetan mugaren bi aldeetan bizi diren biztanleek egunero zubia oinez zein bizikletaz gurutzatu eta espazio historiko honen edertasunaz gozatzeko aukera izango dute berriro.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude