Txikis del Bidasoak Txikimusika jaialdiaren edizio berria antolatu du maiatzaren 30erako

Txikimusika jaialdia datorren larunbatean, maiatzak 30, itzuliko da Txikis del Bidasoaren eskutik, familia giroan musika onaz gozatzeko proposamen ezin hobe batekin. Oraingo honetan, ekitaldiak kokapenez aldatuko du eta Hondarribiko San Markos parkean egingo da, eguerdiko 12:30etik arratsaldeko 16:30era bitartean. Lau ordu horietan zehar, txikienek zein helduek erritmoz eta jardueraz beteriko egun batez gozatu ahal izango dute aire zabalean.

Programazio musikala 12:30ean hasiko da familiei zuzendutako GuraShow taldearen kontzertuarekin, eta bertan “Topatu!” izeneko disko berria aurkeztuko dute. Bost gurasok osatutako talde honek (Amaia Riouspeyrous, Kattalin Indaburu, Magi Mirande, Maider Cigarroa eta Philippe Albor) euren haurtzaroko abestien errepertorioa berreskuratu du belaunaldi ezberdinen artean partekatzeko, umore ona tradizioarekin eta musika sorkuntzarekin uztartuz.

Ondoren, 13:30ean, piknik musikalaren txanda iritsiko da. Proiektuaren helburuetako bat eremu berde publikoak aprobetxatzea eta balioan jartzea denez, parte hartzen duten familia guztiei etxetik janaria, mantak eta osagarriak eraman ditzaten eskatzen zaie, parkeko belardian eroso instalatu daitezen.

Azkenik, 14:30etik 16:30era bitartean, haurrek bost tailer interaktibo ezberdinetan parte hartu ahal izango dute Skola Musika eta Taupa! Musikarekin Hazten elkarteen eskutik. Doako jarduera hauek musikarekin harreman ludikoa izateko aukera emango dute, eta hainbat diziplina landuko dituzte: familia arteko haur-estimulazio musikala, bateria, gitarra, teklatua eta txalaparta, egunari amaiera bikaina emateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude