Skola Musik duela hogei urte baino gehiago abiatutako proiektua da, musika ulertu eta ikasteko metodologia berezia proposatzen duena. Gainera, 2021ean Irungo Udalak bultzatutako Kalean Bai programako hitzarmena berritu zuten. Irene Elizetxea Imaz Skola Musikeko bazkideetako bat da eta eskolaren funtzionamendua nolakoa den azaldu du.
Zein asmorekin sortu zen Skola Musik orain dela 20 urte baino gehiago?
Skola Musik sortu zenerako ni oraindik ez nengoen hemen lanean. Hala ere, ordutik Skola Musikek eskaintzen duen musika irakaskuntza desberdina da musika irakaskuntza ofizialetatik. Hau da, Skola Musikek, irakaskuntza ofizialetik eta musika klasikotik aldenduz, irakasteko beste metodo batzuk eta musika estilo ezberdinak lantzeko aukera eman nahi die ikasleei.
Eskolak filosofia ezberdin bat erabiltzen du musika irakasteko orduan, ezta?
Skola Musiken zuzenean musika egiten hasten gara, beraz, gurekin musika ikastera datorrenak aurretik ez du solfeorik jakin behar. Gero nahi badu hemen bertan solfeoa ikasteko aukera izango du, baina ez da derrigorrezkoa. Gure helburu nagusia ikasleek musika ulertzea da, partiturekin edo partiturarik gabe. Musika ikasi dezaten interesgarria iruditzen zaigu ikasleek gustuko dituzten abestiak aukeratzea, bideoak erabiltzea edo gainontzeko kideetatik ikasteko aukera izatea. Izan ere, besteak kopiatuz asko ikasten da eta musika egiturak eta armonia ulertzeko lagungarria da.
Eskolaren ikasle kopuruak argi uzten du irakasteko modu honen arrakasta?
Bai, hain zuzen ere, uste dut arrakasta hortik datorrela, jendeak solfeo hitza entzuten duenean atzera egiten duelako eta guk beste aukera bat proposatzen diegulako. Nik pertsonalki uste dut musikaren irakaskuntza beste era batera antolatu beharko litzatekeela, musika tresnari ordu gehiago eskaini beharko genizkiokeela Beraz, horregatik etortzen da guregana musikaz disfrutatu nahi duen jendea, hori baita beraien nahi bakarra, musikaren bitartez gozatzea. Ikasleek asko eskertzen dute zuzenean instrumentuarekin hasteko aukera.
Zentzu horretan, zein motatako tailerrak edo eskolak eskaintzen dituzue?
Haur txiki txikiekin hasten gara lanean, 3 urtetik 6 urtera bitarteko haurrekin musikaren hastapen tailerrak egiten ditugu musika munduan sartzen joan daitezen. Bestetik, 7 urtetik aurrerako haurrentzat musika tresnen eskaintza daukagu, esaterako, pianoa edo teklatua, gitarra elektrikoa edo klasikoa, baxua, bateria, perkusioa, trikitixa, panderoa eta besteren bat eta baita kantuan trebatzeko aukera.
Klasean ikasitakoa erakusteko zer kontzertu izan ohi dituzue urtean zehar?
Egia esan, urtero beti kontzertu berdintsuak egin ohi ditugu. Azaroan, kurtsoa hasi eta berehala, Behobia-Donostia lasterketa dela eta, kontzertua ematen dugu Errenterian, lasterketaren 12. Kilometroan, lasterketa igarotzen den bitartean. Gabonetan txikiek Gabonetako Kontzertua dute eta Gabonen bueltan ere Kabigorri Ateneoan kontzertu akustikoa izan ohi dugu. Martxo inguruan eskolentzako kontzertu pedagogikoak prestatu ohi ditugu.
Kalean Bai programara atxikita zaudetenez, eskolan euskara sustatzeko konpromisoa duzue?
Bai, gure eskolen bitartez euskara sustatzen saiatzen gara, nahiz eta Irunen ez den batere erraza, hiri oso erdaldundua baita. Gure eskoletan euskara dakigun irakasleen artean euskaraz egiten ahalegintzen gara. Aisialdirako toki bat garenez eta ikasleak ez direnez behartuta etortzen, uste dugu Skola Musik euskara sustatzeko toki aproposa dela.
Euskaraz gain, euskal musika eta instrumentuak ere lantzen dituzue?
Bai, iaz hasi ginen trikitixa eta pandero eskolak eskaintzen, euskal musika sustatzeko nahia bultzatuta. Horretaz gain, txalaparta klaseak ere ematen ditugu. Beraz, horiek lirateke eskolan euskal musikarekin loturik dauzkagun instrumentuak eta kontzertuak dauzkagunean beti ahalegintzen gara euskarazko abestiak edo programa zati bat sartzen.
Nola begiratzen du Skola Musikek etorkizunera?
Skola Musikek jada badu bere tokia Irunen eta oso pozik gaude horregatik. Hasi zenetik eskola asko handituz joan da eta berarekin batera ikasleen kopurua ere asko handitu da. Hortaz, aurrerantzean ere horrela jarraitu nahi dugu, gure baliabideen bitartez proiektu politak egiten. Nahiko genuke pixkanaka dena hobetzen joan dadila, baina oraingoz horrela jarraitzen baldin badugu, oso ondo goaz.
Elkarrizketa osoaren bideo Txingudi Onlinen ikusgai.