V. Ricardo Gómez Txapelketak neska futbolarientzako atala izango du lehen aldiz

Argazkiaren egilea: Añes Goikoetxea

San Marcial klubak, Kalean Bai programara atxikita dagoen kirol elkarteetako batek, V. Ricardo Gómez Txapelketa antolatu du. Apirilaren 8tik 11ra bitartean jokatuko da. San José Langilea futbol zelaia bilakatuko da kirol ekitaldi honen epizentroa, non benjamin eta kimu kategorietako jokalariek lau eguneko jardunaldian parte hartuko duten.

Aurtengo edizioa historikoa izango da klubarentzat, lehen aldiz antolatuko baita Emakumezkoen Txapelketa bat. David Ruiz San Marcial klubeko koordinatzaileak adierazi duenez, klubarentzako lorpen garrantzitsua da hau, 8 urte behar izan baitituzte klubean nesken taldea sortu ahal izateko: “mutilek eta neskek, denek, futbolaz gozatu ahal izateko aukera izan behar dute”. Izan ere, gaur egun klubak 17 neskato benjaminek osatutako taldea du, emakumeen futbola sustatzeko apustua egin ostean. Emakumeak klubak antolatutako txapelketara batuz, kirol erakundeak berdintasunaren, hazkundearen eta emakumezkoen futbolaren aldeko apustu irmoa berretsi nahi du, kiroltasuna eta laguntasuna oinarri hartuta.

“Mutilek eta neskek, denek, futbolaz gozatu ahal izateko aukera izan behar dute”

David Ruiz, San Marcial kirol klubeko koordinatzailea

5 edizioren ostean, Aste Santuaren bueltan hirian errotutako hitzordu bihurtu da. Izan ere, Txapelketak klubeko jokalariei zein oinarrizko futboleko kirolariei izen handiko klubetako jokalariekin batera Irunen jokatzeko aukera ematen baitie. Esaterako, Reala edo Osasunaz gain, Andorra, Huesca, Santanderreko Racing-a, Eibar, Zaragoza edo Barakaldoko klubetako jokalariekin lehiatzeko aukera aparta da. Egitaraua apirilaren 8an, asteazkena, hasiko da benjamin mailako hiru lehiaketarekin: Benjamin Nesken Txapelketa, 2017ko benjaminak eta 2016ko benjaminak. Hurrengo egunean, apirilaren 9an, 2015ko kimuen taldeen txanda izango da.

Azken txanpari begira, apirilaren 10ean 2014ko kimuen aurrekanporaketa faseka jokatuko da. Txapelketaren hitzordu handia apirilaren 11n, larunbatean, jokatuko da kategoria bereko azken fasearekin, non irabazlea nor den erabakiko den.

Kirol hutsa baino gehiago

V. Ricardo Gómez Txapelketa futboletik haratago doan egitasmoa da. David Ruizek adierazi duenez, egitasmoaren helburua txapelketan parte hartuko duten gazteek futbolaz kiroltasunez gozatzea da. Horretarako, kluba Realak sustatutako Joko OK eta Futbol 00 egitasmoen parte da, jokoan errespetua galdu ez dadin, baita harmailetatik ere. Azken batean, David Ruizek gogoratu du 8 eta 12 urte bitarteko 300 edo 400 haur inguruk parte hartuko dutela bertan, emaitza alde batera utzita, futbolaz gozatzeko nahiarekin.

“Egunero ia 1.000 pertsona igarotzen dira zelaitik txapelketa dela eta”

David Ruiz, San Marcial kirol klubeko koordinatzailea

Kirolaz gain, festa giroa ere nagusi da txapelketaren egunetan zehar San Jose Langilea zelaian. Azpimarratzekoa da, txapelketak izaera solidarioa duela. Beraz, futbola aitzakia da klubeko senideren batekin lotura duen erakunderen bat diruz laguntzeko. Horrela, txapelketan zehar jendea zelaira erakartzeko jarduera osagarriak antolatzen dira, hala nola, txosna edo zozketak. “Egunero ia 1.000 pertsona igarotzen dira zelaitik txapelketa dela eta”. Ondorioz, urtez urte txapelketa antolatzeko laguntza lortzea ezinbestekoa zaio klubari. David Ruizek azaldu du babesle izateko asmoz ekitaldiari laguntzeko prest dauden enpresa edo proiektuak ongietorriak direla beti. Era berean, gurasoen, entrenatzaileen eta bestelako laguntzaileen eskua ezinbestekoa da, lan boluntarioaren indarrak batuz, proiektua urtero aurrera eramateko.

Beraz, aurtengo edizioa aurrekoak bezain ondo ateratzearekin konformatzen dira. Horretaz gain, eguraldiak ere bere aldetik zerbait jarri badezake antolatzaileak oso eskertuak egongo dira, azken edizioak euri zaparraden artean igaro dituzte eta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude