San Marcial  klubak emakumezkoen taldeak izango ditu datorren denboralditik aurrera

2018an sortu zen San Marcial futbol kluba. Klubaren sorreratik helburuetako bat emakumezkoen atala sortzea zen, baina orain arte ez dituzte proiektua behar bezala gauzatzeko denbora eta baliabideak topatu. Datorren denboralditik aurrera ordea, San Marcial klubak nesken futbol taldeak ere izango ditu. Jorge Vértiz San Marcial klubeko zuzendaritzako kidea da eta klubeko emakumezkoen atala izango denaren sorreran parte hartzen ari da.

San Marcial klubean emakumezkoen sail bat sortzeko ideia ez da berria, ezta?

Klubaren sorretatik izan da gure helburuetako bat emakumeen saila sortzea. Hala ere, lehenago federatutako atala eta futbol eskola martxan jarri behar izan genituen eta baliabide mugatuak genituenez, ezinezkoa izan zitzaigun dena batera egitea. Denbora honetan, futbol egokituaren proiektua martxan jartzeko lanean aritu gara, eta dagoeneko errotzea lortu dugu. Orain beste urrats bat egiteko beharra genuen, eta familiek ere hala eskatzen zuten. Horretarako, lantalde bat sortu dugu zuzendaritzako jendearekin eta entrenatzaileekin. Realarekin ere hitz egin dugu eta haren oniritzia dugu. Hemendik aurrera, pixkanaka hasi nahi dugu proiektuarekin, epe luzerako zerbait izatea nahi baitugu.

“Hasieratik izena eman nahi duten benjaminez gain, emakumezkoen talde bat izan nahi dugu kimu eta haur kategorietan datorren denboraldirako”

Ideia garatzea erraza izaten ari da?

Boluntarioz osatutako klub bat gara, eta, beraz, laguntzeko eskuak falta dira beti. Kluba asko hazi da azken urteotan. Futbol eskolan 140 haur ditugu eta, gainera, 8 talde federatu ditugu kategoria erregionaleraino iritsiz. Horrek guztiak baliabide asko kontsumitzen dizkigu, baina erabaki dugu emakumeen proiektuan serio aritzeko unea dela. Atal maskulinoan dugun egituraren antzekoa sortu nahi izan dugu, eta, horretarako, hemendik lau urterako helburu batzuk ezarri ditugu. Hasieratik izena eman nahi duten benjaminez gain, emakumezkoen talde bat izan nahi dugu kimu eta haur kategorietan datorren denboraldirako. Horrela, piramide bat sortu nahi dugu pixkanaka kategoria gehiago eskaini ahal izateko eta, jakina, gizonezkoen futboleko baliabide berberak eskainiz.

Eskariak pausoa ematen lagundu dizue?

Orain arte gurekin hasten ziren neska txiki asko genituen, eta haur kategoriara iristean kluba utzi behar izaten zuten talderik ez zutelako. Bestalde, jendeak asko galdetzen zigun ea noiz sortu behar genuen emakumezkoen taldea, eta, data zehatzik ematea ezinezkoa zitzaigun. Orain aurkitu dugu proiektua merezi bezala egin ahal izateko aukera. Gainera, Realak, klub hitzartua garen aldetik, urteak zeramatzan proiektu honekin hasteko eskatzen, eta orain, entrenamendu metodologian izan dugun laguntzari esker, atal hau hitzarmenean sartuko dugu, eta hasteko prest gaude.

Ez da proiektu isolatua izango, ezta?

Hori da, orain arte klubean landu ditugun gainerako balioak lantzeko ere balio izatea nahi dugu. Asko bultzatu dugu kanpoko txapelketetan parte hartu ahal izatea. Era berean, gure taldeetako familientzako tailerrak eta prestakuntzak eskaini ditugu. Gure lehentasuna da pixkanaka joan nahi dugula, hasieratik gauzak ondo eginez eta ahal duguna baino gehiago hartu gabe. Emakumeen sekzioa gainerako taldeekin batera haztea nahi dugu.

Zer harrera izan du klubean emakumezkoen taldeak sortzeko iragarpenak?

Oraingoz, benjaminek orain arte bezala jarraitzen dute, hau da, badaukagu neskaren bat klubean. Kimuen taldea sortzeko dagoeneko hasi dira gurekin harremanetan jartzen, eta, beraz, hemendik hiru bat astera talde osoa izango dugula uste dut. Kimuen kasuan,  futbol 7 da, beraz, 10 edo 11 jokalarirekin has gaitezke. Haurretan ere hasiak gara lehen izen-emateak jasotzen, eta, beraz, uste dut posible izango dela datorren urterako ezarri dugun helburua betetzea eta eskolaz gain bi talde horiek sortzea. Beraz, izen emate gehiago jasotzen jarraitzeko esperoan gaude orain.

Talde berri hauek sortu ahal izateko, entrenatzaile gehiago beharko dituzue?

Egia da azken urteetan entrenatzaile berri asko sartu direla. Orain egin duguna da atal berri honetan sartu ditugula 6 denboraldi hauetan gure proiektura batzen joan diren entrenatzaileak. Gainera, klubean esperientzia zabalagoa dugunok laguntza hori emango diegu euskarri hori izan dezaten familiekin harremanetan jartzeko eta kudeaketa gaiak egiteko. Baina asmoa da, azken urteotan klubean ikasi duten guztiari esker, beraiek hartzea gidaritza. Gainera, oso jende gaztea da, oso baliotsua. Klubean dugun iritziaren arabera, beraiek hartu behar dute erreleboa horrelako gauzetan.

Klub mailan, oso argi daukagu nesken atala ez dugula eduki behar atal hori edukitzea eskatzen digutelako soilik, horretan benetan sinesten dugulako baizik”

Proiektu honen bidez erreferenteak sortu nahi dituzuela esango zenuke?

Hain zuzen ere. Adibidez, nire ahizpa izan zen Irunen futbolean jokatu zuen lehenetarikoa. Beraz, nik emakumezkoen futbola txikitatik bizi izan dut etxean. Egia da zorionez gaur egun emakumezkoen futbola asko aldatu dela. Egiturak asko aldatzen ari dira. Guk, klub mailan, oso argi daukagu nesken atala ez dugula eduki behar atal hori edukitzea eskatzen digutelako soilik, horretan benetan sinesten dugulako baizik. Klubaren atal berri bat izatea nahi dugu, eta hori sortzeko pixkanaka lan egin nahi dugu, presarik gabe.

Behin helburu hori lortuta, klubean ba al duzue beste helbururik lortzeke?

Une honetan federatuen mailan oso ondo gaude eta horrek kirol proiektua sendotzen laguntzen digu, beraz, esan dezakegu ez dugula gaizki egin. Lehiaketan zentratzen bagara, kategoriak eta sekzioak handitzea lortu dugu. Prestakuntzari dagokionez, oso ondo egiten ari garela uste dut, eta horren erakusgarri da futbol eskolan daukagun harrobia. Horri esker, egonkorra den proiektu bat sortu ahal izan dugu. Etorkizunari begira, agian hain ondo egin ez ditugun gauzetatik ikasten jarraitu nahi dugu. Alde ona familiekin lortu dugun hurbiltasun harremana da, eta hori orain arte bezala egiten jarraitu nahi dugu. Futbol egokituaren proiektua klubean txertatuta daukagu. Horregatik, epe laburrean gure proiekturik garrantzitsuena hau dela uste dut: klubeko emakumezkoen atala sortzea. Hau martxan jartzea, abian dugun kirol proiektua sendotzea eta futbol egokituaren proiektuarekin urratsak egiten jarraitzea lortzen badugu, uste dut badugula nahikoa lan hurrengo 3 edo 4 urteetarako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude