Futbol irundarra babesteko helburuarekin sortutako akordioa

Harrobi gipuzkoarra defendatzeko asmoarekin Real Union, CD Mariño, Landetxa KE, CD San Marcial eta Behobia CD klub irundarrek akordioa sinatu dute. Hiriko kluben batasuna eta futbol klub irundarren arteko kolaborazioa bultzatzeko asmoarekin sortutako akordioa da. Gauzak horrela, Dunboa-Eguzki kluba izan da akordiotik kanpo gelditu den futbol klub irundar bakarra.

Akordioa ezagutarazteko antolatutako ekitaldian José Antonio Santano Irungo alkatea eta Borja Olazabal Kirol arloko ordezkariaz gainera, akordioa sinatu duten klub ezberdinetako ordezkariek parte hartu zuten: Joseba Ibarburu Realeko kontseilari ordezkaria, Jorge Vertiz CD San Marcialeko presidentea, Javier Mariño CD Mariñoko presidentea, Agustín Eceiza Landetxa KE presidentea eta Ángel Varona Behobia CD presidentea. Honela, Realaren babesaren azpian, eskualdeko futbola babestea eta bultzatzea izango da.

José Antonio Santano alkatearen hitzetan, “une hauetan guztiok argi ikusten dugu batasuna dela etorkizunerako bidea, baita futbolaren munduan ere”. Borja Olazabal Kirol arloko ordezkariak gaineratu duenez, “oso polita da hiritarrentzat, Realarekin batera, hiriko klub desberdinen batasuna adierazten duen argazki hau lortu izana”. Kirol arloko ordezkarian azaldu duenez, Irungo futbol klub guztiek bide bera jarraituz gero, klub guztiak indartsuagoak izango dira.

Ricardo García Real Unioneko presidenteak adierazi duenez, “atsegin handiz sinatu dugu akordioa, izan ere, aspalditik horrelako zerbait egiteko nahia genuen”. Behin akordioa sinatuta, orain izenpetutakoa kontserbatzea, lantzea eta zaintzea izango da hurrengo erronka.

Irungo futbol klub ezberdinen arteko batasuna izenpetzen duen akordioari dagokionez, Joseba Ibarburu Realeko kontseilariak gogoratu duenez, “kirol adinean dauden neska-mutilak dauzkaten gurasoek hiritik atera gabe klub eskaintza zabala dute”. Hortaz, Realeko kontseilariak nabarmendu du kirola baldintza honetan praktikatu ahal izateko ez dela beharrezkoa beste hirietara mugitzea. Zentzu berean, Joseba Ibarburuk ziurtatu duenez, “haurrek kirol abilezia bereziak izatekotan, Realak zein hiriko klubek gertutik jarraituko ditugu haurren urratsak, unea iristen denean Zubietara sartzeko aukera izan dezaten”.

Hurrengo denboraldira begira
Osasun krisialdiak datorren denboraldiaren inguruko ziurgabetasunak agerian utzi dituen arren, hiriko futbol klubek futbol eskoletarako izen-emate prozesuak abiatu dituzte. Real Union futbol eskola berriak 2009. urtetik aurrera jaiotako haurrak hartuko ditu. Entrenamendu guztietan Real Unioneko lehenengo taldeko jokalariek parte hartzeaz gainera, hilabetean behin saioa GALen, belar naturalean izango da. Adin bakoitzeko 40 haur gehienez onartuko dira. Real Union taldearen futbol eskolaren inguruko informazio gehiago eskuratzeko klubak 943 62 01 03 telefonora deituz edo administracion@realunionclub.com emailera idatziz erantzungo du.

CD San Marcial klubean ere 2009. urtetik aurrera jaiotako neska-mutilak futbolaren munduan murgilduko dituzte. Denboraldi berria urriko lehen astelehenean hasiko da eta entrenamenduak San Jose Obrero Udal zelaian egingo dira. Kuotak denboraldi osorako bi ekipamenduez gainera, klubak parte hartzen duen txapelketa guztien gastuak barne hartuko ditu. Izen-ematea egiteko epea zabalik dago eta escuela@cdsanmarcialirun.com helbide-elektronikoan edo 677 70 06 12 telefono zenbakira deituz egin daiteke.

Landetxa Kirol Elkarteko futbol jokalariek Ugalde-Ventas zelaiko azken denboraldiko belar artifizial berrian jolastuko dute. Kasu honetan, 2005. urtetik aurrera jaiotako haurrak kadete, infantil, alebin eta benjamin kategorietan bereiziko dituzte. 2020-2021 denboraldia jokatu ahal izateko izen-emate epea zabalik dago jada eta 943 11 82 37, 667 52 52 54 telefono zenbakietara deituz edo landetxa.k.t@gmail.com helbidera idatziz egin ahalko da izen-ematea.

CD Behobiak 2020-2021 denboraldirako Futbol Eskolan 2009. urtetik aurrera jaiotako haurrentzako izen-ematea egiteko aukera eskaintzen du. Horretarako, inprimakia deskargatu, datuak bete eta inprimakia futbol elkartearen egoitzan kokatutako postontzian entregatu edo, inprimakia eskaneatu ostean, posta elektronikoz bidali beharko da. Inprimakia www.cdbehobia.com webgunean deskargatu daiteke. Hortaz gain, informazio gehiagorako escuela@cdbehobia.com helbidean edo 609 30 98 94 telefono zenbakira deituz.

Mariño elkarteak 2020-2021 denboraldia antolatzeko lanak hasi ditu eta futbol eskolan 2009tik 2012ra arte jaiotako haurrak jasoko dituzte. Entrenamenduak Ugalde-Ventas zelaian izango dira, entrenatzaile titulatuekin eta atezainentzako entrenamendu berezituekin. Hurrengo denboraldian belar eta metodologia berriak estreinatuko dira eta entrenamenduak urritik ekainera bitarteko astelehenetan egingo dira. Izen-ematea egiteko Mariño klubaren sare sozialetan aurkitu daitekeen esteka jarraitu beharko da, datuak bete eta eskatutako informazioa bidaltzeko. Hortaz gain, 943 61 38 14, 699 87 01 75 telefono zenbakietara deituz eta cdmarino@gmail.com helbidera idatziz informazio gehiago eskuratu ahalko da.

Futbol Eskolen eskaintza zabal honekin datorren denboraldian zehar hirian futbola praktikatzeko aitzakiarik ez da faltako etxeko txikien artean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude