Bidasoa bizirikek ekintzaileentzako beka berrien deialdia egin du

Irungo eta Hondarribiko udalek, Bidasoa bizirik-en bidez, Bidasoan ekiteko beken deialdi berri bat egin dute. Enpresa-proiektuak garatzen laguntzeko programa honek 9.000 euroko aurrekontua izango du.

Beka hauen helburua ideia berritzaileak dituzten eta enpresa proiektu bihur ditzaketen pertsonei laguntza ekonomikoa ematea da. Bekadunek, gainera, postu bat eduki ahal izango dute Bidasoa bizirikeko coworking gunean, kosturik gabe, wifi sarearekin eta bilera-gelekin. Hala ere, edizio honetan, coworking honetan egoteko aukera Covid-19ren pandemiaren ondoriozko osasun-neurrien arabera arautuko da, eta bekadun bakoitza gune horretara joango da lekua dagoenean, segurtasun-distantziak mantendu ahal izateko.

Miguel Angel Páez Bidasoa bizirik-eko presidenteak azpimarratu duenez, “Beka hauek eskaintzen ditugun hirugarren urtea da, eta oso ondo funtzionatu dute aurreko bi edizioetan. Helburua gure eskualdeko pertsonek ekiteko dituzten motibazioak indartzea da, batez ere enpresa-proiektuaren ideia garatzen hasten direnean, proiektu horiek negozio erreal eta iraunkor bihur ditzaten”.

Bestalde, Maria Serrano Bidasoa bizirik-eko presidenteordeak gaineratu duenez, “Negozio ideia hori coworking gune batean garatzeak Bidasoa bizirik-eko ekintzaileen eta talde teknikoaren arteko harremana eta lankidetza errazten du”.

Beka hauen beste helburuetako bat negozio-ideia batean pentsatzean sortzen den oztopoetako bat ezabatzea da. Hau da, enpresa-proiektu bat behar bezala diseinatzeko baliabiderik eta denborarik ez izatea.

Baldintzak eta izena ematea

Bekak eskatu ahal izango ditu Irunen edo Hondarribian erroldatuta dagoen adin nagusiko edonork, baldin eta eskualdean enpresa bat sortu nahi badu eta JEZan alta emanda ez badago. Gainera, eskatzaileak ezin izango du bekaren onuradun izan azken 3 urteetan, eta bi udalerrietako udalekiko zerga-betebeharrak egunean izan beharko ditu.

Beka jaso duen pertsona bakoitzak 1.950 euro jaso ahal izango ditu gehienez, eta hileko esleipena ezin izango da 325 euro baino gehiagokoa izan. Zenbateko hori gehienez sei hilabetez jaso ahal izango da.

Aurkezten diren proposamenak baloratzeko orduan, Bidasoa Bizirik-ek zerotik ehun puntura bitarteko baremoa ezarriko du. Baremo horretan, proposatutako negozio ideiarekin lotutako prestakuntza teknikoa eta lanbide-esperientzia ebaluatuko dira, bai eta enpresa-kudeaketako prestakuntza, proposamenaren definizio- eta argitasun-maila, aurreikusitako lan-plana eta proposamenaren interes-maila ere, ‘Bidasoako Garapen Ekonomikorako Plan Estrategikoaren’ helburuak lortzeko egiten duen ekarpena kontuan hartuta.

Informazio gehiago jaso edo proiektuak aurkeztu nahi dituztenek Bidasoa bizirik-eko Ekintzailetza eta Jarduera Berrien Sailarekin jarri beharko dute harremanetan, telefonoz 943 50 96 00 zenbakira deituz edo ekintzailetza@bidasoa-activa.com helbidera mezu bat bidaliz.

Zortzi beka 2019an

Iazko edizioan zortzi beka eman ziren honako proiektu hauetarako: marketin juridikoa (abokatu eta zerbitzu publikoetako enpresentzako), community management ostalaritza eta hoteletarako, career coach, laguntzaile pertsonala, aeromodelismoaren 3D inprimaketa, online idazketa, produktu ekologikoen online merkataritza eta eraldaketa digitala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude