Azaroan zehar emakume migranteei buruzko erakusketa ikusi ahalko da CBAn

Azaroan emakume migranteei buruzko erakusketa ikusgai egongo da CBA liburutegian. Erakusketak “…eta bidean Irun. Begirada bat emakumezko migranteei” titulua darama eta Bostokphotok kooperatibako Gari Garaialderen lanak ikusi ahalko dira bertan. Erakusketa azaroaren 25arekin batera Emakumearen Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren testuinguruan antolatu da. Lanak azaroaren 30era arte egongo dira ikusgai, CBA liburutegiaren ohiko ordutegian.

Irun paseko hiria da, mugan baitago. Telebistan urrun ikusten diren pertsona horiek Irunera iristen dira egunero-egunero, eta San Juan plazaren bazter batean elkartzen dira, Udaletxe parean, eta, Harrera Sarearen laguntza jaso eta gero, aurrera jarraitzen dute.

Ez da bide erraza. Ez da erraza gizonentzat, ez eta emakumeentzat ere. Baina emakumeek ere urratzen dute bide hori. Bakarrik, batzuetan; haur txikiekin, beste batzuetan; edo taldean, bidean ezagutu dituzten beste emakume batzuekin edo gizonen artean nahastuta, baina bidea egiten dute. Bidea gizonek irekitzen dutela pentsatu ohi dugu, baina ez da egia. Emakumeek ere bidea urratzen dute; gizonek bezala, aurretik anaia edo ahizpa nagusiren batek edo lehengusuren batek egindako bide berari heltzen diote, jaioterria uzten dute eta bizitza hobe baten bila abiatzen dira. Emakume batzuen asmoa da Europan bizitza horri ekin dioten senarrekin elkartzea.

Erakusketa honen xedea da bidea egiten duten emakume horiek ikusgarri egitea. Afrikatik irten eta Frantzia edo Europa iparraldeko beste leku batzuetara iritsi aurretik Irundik pasatzen diren emakume migratzaile horiek ikusgarri egitea da helburua.

Azken 3 urteotan Irundik pasatu diren emakume migratzaileei egindako argazkiek osatzen dute erakusketaren edukia. Haientzat guztientzat, pasatu diren eremuetako bat baino ez da izan Irun. Ez abiapuntua, ez helmuga. Erakusketa hau 10 argazkik osatzen dute, 100×67 cm-ko Dibon xafletan inprimatuta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude