Irungo Harrera Sareak egunotan muga zeharkatzen saiatzen diren migratzaileek aurre egin beharreko arriskuak salatu ditu. Hona hemen hiritar sareak gaur goizean bertan zabaldutako komunikatua:
Azken egunotan, Bidasoa ibaian, Irun eta Hendaia artean, gazte migratzaileak gutxienez bi aldiz erreskatatu dituztela jakin du Irungo Harrera Sareak. Europa iparralderako bidean dauden pertsonak, Frantziako estatuaren muga itxieraren aurrean igerian pasatzen saiatzen direnak, eta lesioak eta nekea direla eta artatu behar izan dituztenak.
Erakundeei eskatzen diegu, udaletatik Eusko Jaurlaritzara, lehenbailehen har ditzatela neurriak, Euskal Herria hilerri bihur ez dadin beren bizitza hobetu edo salbatu nahi dutenentzat.
Ez da lehen aldia gure eskualdean halakorik gertatzen dela. 60-70eko hamarkadetan, Portugaldik zetozen hainbat pertsona hil ziren iparralderantz jarraitzeko ahaleginean. Urte ilunak ziren haiek espainiar estatuan. Orain ez. Eta migrazioaren arloan Europar Batasunak eta estatu kideek dituzten politika hiltzaileak salatzen jarraitu behar da.
Gaur egun, Bidasoa eskualdean ez dago heriotzen berririk, eta horrela jarraitzea espero dugu.
Jendarte bezala ezin dugu ohitu Mediterraneoan eta Atlantikoan jendea hiltzea, eta are gutxiago Bidasoan “hilerri” berri bat inauguratzea.