Oiasso Erromatar Museoak datozen asteetarako prestatu dituen jardueren programa eman du jakitera. Aste Santurako eta eskola-oporraldirako programa da. Horien artean, “Leihoan jolasten” erakusketa nabarmentzen da. Erakusketan, IKERTZE elkartearen laborategietan egindako ikerketa batzuk erakutsiko dira, 1991 eta 1994 bitartean 18 artista gipuzkoarrekin lankidetzan egindakoak.
Proiektu horretan, Bernardo Altxaga, Joxe Felipe Auzmendi, Nestor Basterretxea, Marta Cardenas, Eduardo Chillida, Francisco Escudero, Andu Lertxundi, Alex Mendizabal, Andrés Doñate, Julia Otxoa, Jorge Oteiza, Miguel Pelay Orozco, Xabier Santxotena, Jose Antonio Sistiaga, Sara Soto, Daniel Txopitea, Ricardo Ugarte, Joseba Urretabizkaia artistek parte hartu zuten, eta bertan, aukera eman zitzaion umeari obran sortzaile gisa zuzenean parte hartzeko eta artea mundua ulertzeko bitarteko gisa erabiltzeko, eta sentsibilitatea hezteko, eta ikusten, entzuten, adierazten eta sentitzen ikasteko.
Oiassora heldu da erakusketa, esperientzia horrek 30 urte betetzen dituen urte honetan, museoaren 15. urteurrenean, eta sorkuntzarako tailer-laborategi batzuk egingo dituzte martxoaren 30ean, apirilaren 5ean eta apirilaren 10ean. Horiez gainera, Oiassok beste jarduera batzuk programatuta dauzka, beste gai batzuk ardatz hartuta. Martxoaren 31n, mosaikoen tailerra. Bertan parte hartzen dutenek mosaikoaren teknika ezagutu ahal izango dute, eta bat egin ere bai, tesela txiki batzuk erabiliz. Gainera, Antzinateko mosaiko nagusiak ere ezagutuko dituzte. Apirilaren 6an, “Herkulesen 12 probak“; bisita dibertigarria familian, museoko tabletetan eskuragarri dagoen app-arekin. Apirilaren 7an, Arkeolab tailerra; bertan, indusketa eta laborategi simulatu batean arkeologoek zer lan egiten duten ikusiko dute umeek.
Tailerrak 6 urtetik gorako umeentzako dira, eta tailer bakoitzak 4 euro balioko du pertsona bakoitzeko, eta tokia mugatua izango da. <0} Dagoeneko egin daitezke erreserbak ohiko bideetatik: museoko harrerara joanda, Internet bidez (info-oiassomuseo@irun.org helbide elektronikoan edo 943 63 93 53 telefono-zenbakira deituta.
Tailerren programari lotuta, meatze-trenaz gozatzeko eta Irugurutzetako barrutia ezagutzeko aukera gehiago ekarriko ditu Aste Santuak. Aukera izango da meatzeak eta kiskaltze-labeak ikusteko. Honako hauek izango dira ordutegiak: martxoaren 27an (larunbata), apirilaren 1 eta 8an (ostegunak), eta apirilaren 2 eta 9an (ostiralak), 11:00etatik 12:30era bitartean. Aste Santuan ezin falta, bada, beste bisita bat ere: Ama Xantalengo nekropoliaren bisita Irun Erromatarraren Birako ibilbidearen barruan. Bisita gidatu interaktiboa da, Irungo kaleetan barrena, TIR aplikazioarekin, Oiassori bizia eman dioten aztarnategi arkeologikoak ezagutzeko, horien artean Ama Xantalengo hilerria. Horretarako, bisitak martxoaren 28rako (igandea), apirilaren 3rako (larunbata), eta apirilaren 4 eta 11rako (igandeak) programatuta daude, 11:00etatik 12:00etara bitartean.
Jarduera horietako bakoitzak 5,50 euro balioko du pertsona bakoitzeko, eta aurretik eman beharko da izena, ohiko bideetatik. Tokia mugatua izango da.
Museoko hurrengo bi hitzaldiak
Martxoaren 15ean, astelehenean, amaitu zen Oiasso a la carta – Oiasso nahieran ekimenaren lehen edizioaren bozketa Twitterren. Gure sareetan Antzinako Historiarekin lotutako lau gai laburki aurkeztu ostean, Twitterreko erabiltzaileek zazpi egun izan dituzte, euren aukera gogokoenaren alde bozkatzeko. “Nortzuk ziren bagaudak?” gaia izan zen bozkatuena. Hala ezarrita dagoenez gero, martxoaren 24an, asteazkenean, hitzaldi bat izango da Irungo Oiasso Museoan, 19:00etan. Sarrera doakoa izango da, lekua bete arte. Ondoren, bideo labur bat igoko dugu gure sareetara, ekarpen interesgarrienak jasoko dituena.
Martxoaren 25ean, ostegunarekin, 19:00etan, “Kontaiguzu dakizuna” programako hirugarren saioa egingo dugu. Programa horretan, Oiassoren lagunek ezaupide eta esperientziak partekatzen dituzte gai historiko eta arkeologikoei buruz, eta bidaien, mitologiaren eta pertsonaia historikoen inguruan, eta baita historian zehar izan diren gizarteen eguneroko bizitzaren eta kulturaren inguruan ere.
Bigarren saio honetan, Roberto Blanco Martín aholkulariak eta María Jiménez Goya idazleak hartuko dute parte. Lehenengoak familia linguistikoen jatorriaz hitz egingo digu “La historia de los idiomas en mapas” lanaren bidez, eta idazleak “¿Mujeres filósofas?” aurkeztuko digu. Ekimena borondatezkoa da. Parte hartzaile bakoitzak gai bat proposatu behar du, 20 minutu inguru hartaz hitz egiteko. Ondoren, solasaldi labur bat egingo da bertan.
Sarrera doakoa da. Tokia mugatua da. Maskara nahitaez erabili beharra dago hitzaldietan. 1,5 metroko tartea egongo da eserleku batetik bestera.