Oiasso Erromatar Museoak datozen asteetako jardueren berri eman du: aurreikusten diren ekimenen artean, ikastaro berri bat, Oiassoko jarraitzaileek sare sozialen bidez aukeratuko dituzten gaiei buruzko hitzaldien programa bat eta historia ezaupideak transmititzeko hitzaldi bat.
Al Andaluseko aztarnen atzetik
Martxoaren 2an, asteartearekin, “Al Andaluseko aztarnen atzetik: historia eta arkeologia” ikastaroaren bigarren moduluan parte hartzeko izena emateko epea hasiko da. Museoan bertan emango da ikastaroa, urteko bigarren hiruhilekoan, apiriletik ekainera bitartean, eta bigarren atala XI. mendetik XV. mendera bitarteko andalustar historia eta kulturari buruzkoa izango da: besteak beste, Cid Campeador, kristau errekonkista eta musulmanei kendutako lurren birpopulazioa, andalustarren ekarpen artistiko eta intelektualak eta Granadako erresuma nazaria aztertuko dira.
Esan bezala, apiriletik ekainera bitartean emango dira eskolak, bi txandatan: astearteetan, apirilaren 6tik ekainaren 22ra bitartean, 18:00etatik 19:00etara, eta ostegunetan, apirilaren 8tik ekainaren 24ra bitartean, 11:00etatik 12:00etara; guztira, hamabi saio txanda bakoitzeko.Euskal Herriko Unibertsitateko Historiako doktore Jokin Lanz Beteluk emango du ikastaroa, Beñat Eguíluz doktorearekin batera, zeina irakasle gonbidatu arituko den “Musulmanak eta itsasoa: nabigatzeko artea” eskolan.
Aurrez aurreko bi txandez gain, Museoak online txanda bat eskainiko du, astearteetan, apirilaren 6tik ekainaren 22ra bitartean, 16:00etatik 17:00etara, Google Meet bideokonferentzia aplikazioaren bidez. Modalitate horretan izena ematen duten ikasleei eskola bakoitzean sartzeko esteka helaraziko zaie ikastaroa hasi aurretik.
Toki kopurua mugatuko da. Aurrez aurreko eskoletan, maskara erabili beharko da nahitaez, 1,5 metroko distantzia utziko da pertsonen artean, eta gel hidroalkoholikoa banatuko da, eskuak garbitzeko; gainera, ikastaroa emateko erabiltzen den aretoa aireztatuko da. Izena emateko, Oiasso museoko harrera lekura jo behar da, edo 943639353 telefono zenbakira deitu eta tokia erreserbatu. Ikastaroaren prezioa 65 euro da, eta honako hauek hartzen ditu barnean: ordubeteko hamabi eskola, ikastaroari buruzko informazio praktikoa emateko dosier bat eta eskola bakoitzaren ondoren banatuko den laburpen bat.
Oiasso nahieran
Oiasso Museoak proiektu berri bat aurkeztu du, “Oiasso nahieran”: bi hilabetean behin, bere sare sozialen bitartez, Antzinako Historiari buruzko lau gai aurkeztuko ditu, labur-labur, eta, astebetean, Twitter bidez, jarraitzaileek gehien atsegin zaiena bozkatuko dute; gero, boto gehien lortzen duen gaia Oiasso museoko ekitaldian azalduko da, aurrez aurre, 19:00etatik aurrera. Sarrera doakoa izango da, eta edukiera bete bitartean sartu ahalko dira interesdunak. Saio bakoitzak ordubete iraungo du gutxi gorabehera, eta Antzinako Historiako doktore Jokin Lanzek zuzenduko du; batzuetan, dagokion gaian adituak diren irakasle gonbidatuekin batera. Ondoren, aurkezpena egin eta egun batzuetara, bideo labur bat igoko da sare sozialetara, hitzaldiaren gai nagusiak laburtzeko.
Hona lehenengo lau gaiak:
- Troiako Gerra. Historia eta mitoa
- Kaligula, eromenaren eta krimenaren artean
- Antzinateko zazpi mirariak
- Nor ziren bagaudak?
Martxoaren 8tik 14ra bitartean, @MuseoOiasso Twitterreko profilean, gairik interesgarriena bozkatu ahalko da, eta boto gehien lortzen duena Oiasso museoan bertan emango den hitzaldi batean azalduko da, martxoaren 24an, 19:00etatik aurrera.
Kontaguzu dakizuna
Otsailaren 25ean, ostegunarekin, 19:00etan, “Kontaguzu dakizuna” ekimenaren bigarren saioa hasiko da. Ekimen berri horren bitartez, Oiassoko lagunek gai historiko eta arkeologikoen, bidaien, mitologiaren, pertsonaia historikoen eta historiako gizarteen eguneroko bizitzaren eta kulturaren inguruan bildu dituzten ezaupide eta esperientziak azaltzen dituzte.
Bigarren saioan, Conchi Ruizek eta Joseba Arzak parte hartuko dute. Conchi Ruiz Irunen bizi den tarazonar bat da, eta Tarazonako ondare historiko eta kultural aberatsa ezagutzera animatuko gaitu. Joseba Arza, berriz, antzerki kudeatzaile ezagun bat da, arte eszenikoen esparruan bide luzea egin duena, eta “Antzerki edukitzaileen historia. Antzeztokiak: arkitektura eta agertokiak” hitzaldia emango du.
Ekimena borondatezkoa da: parte hartzaile bakoitzak proposatzen du zer gairi buruz jardungo duen 20 minutuz, eta, gero, solasaldi labur bat egiten da.