Etorkizunera begiratuko du 2019ko Euskararen Nazioarteko Egunak

Irungo Udaleko Euskara arloak hainbat ekimen antolatu ditu Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Anotlatutako ekintzak azaroaren 26an hasi eta abenduaren 27an bukatuko dira. “Ongi etorri etorkizunera!” lelopean prestatutako ekintzak izango dira eta Euskara Arloko ordezkariek azpimarratu dutenez ekintza gehienak doakoak izango dira.

Jon Ugarte Irungo Udaleko Euskara ordezkariak adierazi du, “abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna bada ere, euskal hiztunok ongi asko dakigu ezin garela egun horretara mugatu”. Euskara ordezkariak azaldutakoaren arabera, euskara nazioarteko egunaren mugez haratago, egunero bizi da, euskaldunen aho edo belarrietan bizi-bizi zernahitarako prest beti.

“Abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna bada ere, euskal hiztunok ongi asko dakigu ezin garela egun horretara mugatu”

Jon Ugarte, Irungo Udaleko Euskara ordezkaria

Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Egunaren ospakizunen erdigunea Urdanibia Plazan kokatuko da. Bertan, goizeko 10:00etatik 19:00etara Euskaraldiaren inguruan Bitamine eta Irungo Udalak antolatutako ekimena izango da. Horrela, hiritarrak plazara hurbildu eta euskaren inguruko desioak eta bizipenak zabaltzera gonbidatzen dituzte. Euskal Herri osoko hiri eta herrietako plaza gehienetan abenduaren 3an egingo den ekimena izango da.
Arratsaldeko 18:00etan HIKA antzerki taldeak eta Oinkari dantza taldeak “Sagartu” ikuskizuna eskainiko dute. Eguraldi txarra egingo balu ekintza Amaia Kultur Zentroan egingo litzateke. Jarraian, 19:30etatik aurrera “Soinujolearen semea” filmaz disfrutatzeko aukera izango da Amaia Kultur Zentroan eta Fernando Bernués zuzendaria bertan egongo da filmaren inguruko galderak erantzuteko prest.

Hurrengo ekitaldiak
Euskararen Nazioarteko Eguna igaro ostean, abenduaren 4ean 17:00etan haur parkea antolatu dute egurrezko jostailuekin eta 17:30etatik aurrera Tor Magoaren ikuskizuna izango da San Juan plazan. Arratsaldeko 19:30etan “Magolaria” filma eskainiko da eta, jarraian, Mikel Urdangarin eta Oier Aranzabalen solasaldi musikatua egongo da. Abenduaren 5erako, berriz, bi pelikulen emanaldia antolatu da: 17:00etan familientzako “Pikachu detektibea” eta 19:30etan, berriz, helduentzako “Agur Etxebeste”.

Ekitaldiei amaiera emateko, abenduaren 27an, Amaia Kultur Zentroan eta Kultura arloko lankidetzarekin, 17:00etan Angel Alonso irundarrak zuzendutako “Elkano lehen mundu bira” filma eskainiko da. Pelikulaz disfrutatzeko sarrera doakoa izan arren, aurretik ohiko tokietan gonbidapenak eskuratzea beharrezkoa izango da.

Bidea zabaltzeko ekintzak
Euskararen Nazioarteko Egunaren barneko lehen ekintza azaroaren 26ko Bertso Jaialdia izan zen. Julio Soto, Nerea Elustondo, Ander Lizarralde eta Angel Mari Peñagarikano bertsolariak Amaia Kultur Zentroko oholtzara igo ziren, Alaitz Rekondoren gidaritzapean. Hurrengo egunean, azaroaren 27an, “Muga deitzen da pausua”dokumentalaren emanaldia egin zen arratsaldeko 19:30etan Amaia Kultur Zentroan. Dokumentalak Elvira Zipitria andereñoaren bizitza eta Ikastolen sortzailearen bizipenak laburbiltzen ditu.
Euskaltzaindiak aurten 100 urte betetzen dituenez, Euskara arloari egokia iruditu zitzaion azaroaren 28an erakundearentzako omenaldi xume bat antolatzea. Horretarako, “Euskaltzaindiak egunak eta lanak” dokumentala eskaini zen Oiasso Museoan arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Ondoren, Miriam Urkia euskaltzaina eta Ibon Usarralde Euskaltzaindiko kudeatzailearekin solasaldia antolatu zen.

Azaroaren 30ean Irungo Udalak Jeiki Hadi talde irundarrarekin batera Kantujira saioa antolatu zuen Urdanibia Plazan. Arratsaldeko 17:00etan, bestalde, “20.000 legoa itsaspeko zaborretan” familientzako euskarako antzerkia ikusteko parada izan zuten sarrera ordaindu zuten ikusleek.

Abenduaren 1eko goizeko 8:30etan Txistularien Dianarekin hasi zen eguna. Eguerdian Meakako Adiskideak Muxikoak dantzatzeko elkartu ziren. Hortaz gain, Luis Mariano Elkarte Lirikoak Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat egin du eta arratsaldeko 19:00etan Amaia Kultur Zentroan “Gure abestiak” emanaldia antolatu zuen ordainpeko emanaldian euskal abesti mitikoez disfrutatzeko.

Adierazpen Instituzionala
Gainera, Jon Ugarte Euskara arloko ordezkariak azaldu duenez, ekimenez gain, Irungo Udalak, Hizkuntza Politikako gaietan Herri Aginteak koordinatzeko Batzordeak (HAKOBAK) eta UEMAk laduntako adierazpen instituzionalera atxikitzeko asmoa du. Batzordea, Eusko Jaurlaritza, EUDEL, EAEko hiru Foru Aldundiak eta hiru hiriburuetako udalek osatzen dute. Adierazpenak indarra jartze du euskararen normalizazioan beharrezkoak diren bide eta modu berrietan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude