Martxoaren 8an Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzen dela jakina da. Irun mundu mailako ospakizunetara batu eta ospakizun zein aldarrikapenerako egun honekin loturiko ekintzak antolatu ditu. Ekintza horietako batzuk urtez urtez errepikatzen diren ohiko ekitaldiak dira. Beste batzuk, ordez, aurten antolatuko dira lehen aldiz.
Eguneko lehen ekitaldia goizeko 12:00etan egingo da San Juan plazan. Irungo Udaleko Berdintasun Batzordeak elkarretaratzea egingo du udaletxe aurrean “Egunero izan beharko luke martxoaren 8a” lelopean. Goizean zehar Zabaltza plazan M8 Asanblada Feministako kideak Zabaltza plazan izango dira arratsaldeko manifestaziorako materiala saltzen: zapiak, pinak eta txapak. Eguerdian 13:30ean Ibaiondo jatetxean Argoiak elkarteak Ahizpatasun Bazkaria egingo du.
Mobilizazioa
M8 Asanblada Feministak manifestazioa antolatu du urtero bezala. Manifestazioak mugaz gaindiko izaera izango du, izan ere, bi zutabetan hasiko da, Hondarribian eta Hendaian, biak Irunen elkartzeko. Lehen zutabea Hondarribiko Martxoak 8 plazatik abiatuko da 17:30an eta 18:30ean Mendeluko zubira iristea aurreikusten da. Besteak, berriz, Hendaiako Gaztelu Zahar aparkalekuan hasiko da 17:45ean eta 18:15ean Santiago zubira iritsiko dira. Bi zutabeak Zabaltza plazan elkartuko dira 19:00etan eta elkarrekin San Juan plazarako bidea egingo dute, 19:30ean Irungo udaletxe aurrera iristeko eta ekintzari amaiera emateko.
M8a Gaztelekuetan
Irungo Gaztelekuek Emakumeen Nazioarteko Egunaren inguruko programazio berezia prestatu dute. Martindozenea Gaztelekuan 17:30ean ezagutzen al dituzu historia egin duten emakumeak? (12-17 urte) lehiaketa egingo dute 12 eta 17 urte arteko gazteentzat. 15 eta 18 urte arteko espazioan, berriz, proiekzio eta solasaldi feminista egingo dira. Artia Gaztelekuan, berriz, 17:30ean, 12 eta 17 urte arteko gazteek M8ko horma-irudi parte-hartzailea osatuko dute, “Emakumeen aldarriak historian zehar” leloarekin.
Adinekoen zentroetan
Adinekoen zentroetan ere ekintza bereziak egingo dira martxoaren 8an. Anaka-Puiana adinekoen zentroan 17:30ean Emakumeen arketipoei buruzko tertulia egongo da. Belaskoenea adinekoen zentroan 17:30ean, haurrentzako ipuinetan agertzen den emakumearen rolari buruzko ekintza egingo da.
CBAn
CBA udal liburutegian 18:45ean Salvador Echeandia Gal aitzindaria zinema herritarraren zikloan: Siete minutos. Michele Placido (2016), Michele Placido (2016) ekintza egingo da eta gonbidapenak beharko dira bertan parte hartzeko. Gainera, martxoaren 8tik 27ra egun osoan zehar “Emakumeek irungo industrian egindako lanaren irudiak” argazki erakusketa ikusi ahalko da.
Itaia bidasoa
Martxoaren 8an, emakume langileon zapalkuntzarekin amaitzeko oinarriak jarriko dituen gizarte sozialista eraikitzeko bidean, mobilizatzeko dei egin dute Itaia Bidasoatik. Elkarretaratzea 20:00etan egingo da Irungo Mosku plazan.
DJ festa Kabigorrin
M8a jai-giroan amaitzeko Kabigorrin 23:00etatik aurrera DJ Aranek festa girotuko du.