Irungo Udaleko Hezkuntza arloak jakinarazi duenez, astelehenean, martxoaren 11n, hasiko da 0 eta 3 urte arteko haurrak Udal Haur Eskolan inskribatzeko epea. Izen-emateak bi txandatan egingo dira: martxoaren 11tik 27ra luzatuko da 2022an eta 2023an jaiotako haurrak matrikulatzeko epea. 2024an jaiotako umeak dituzten familiek, aldiz, martxoaren 11tik ekainaren 5era bitarteko epea izango dute.
Familia interesdunek hainbat aukera dituzte eskabidea aurkezteko: Herritarrentzako Arreta Zerbitzua (HAZ), autozerbitzuko terminalak eta Udalaren webguneko ataria.2022an eta 2023an jaiotako haurrak dituzten familiek, izena eman ondoren, apirilaren 26ra bitarteko epea izango dute behin-behineko zerrendak kontsultatzeko, eta erreklamazioak aurkeztu ahalko dituzte maiatzaren 15era arte. Behin betiko zerrendak maiatzaren 27an argitaratuko dira, eta egun horretatik aurrera familiek matrikula egin ahalko dute, ekainaren 17ra arte.
2024an jaiotako haurrak dituzten familiek, izena eman ondoren, ekainaren 14ra bitarteko epea izango dute behin-behineko zerrendak kontsultatzeko, eta erreklamazioak aurkeztu ahalko dituzte ekainaren 26ra arte. Behin betiko zerrendak uztailaren 9an argitaratuko dira, eta egun horretatik aurrera familiek matrikula egin ahalko dute, uztailaren 15era arte.
Ate irekiak
Gainera, Udal Haur Eskolan, Uztapide Bertoslari kaleko 1. Zenbakian kokatua, ate irekien bi jardunaldi aurreikusten dira. Lehena, martxoaren 13a, asteazkenean egingo da arratsaldeko 16:30ean euskaraz. Bigarrena, martxoaren 20an, asteazkenean 16:00etan gaztelaniaz.
Prozesuari buruzko informazio guztia eskuragarri dago Udalaren webgunean eta 010 edo 943 50 51 52 telefono-zenbakietan.