Jaioberrientzako gorostien banaketan izena emateko azken egunak

Irungo Udaleko Garapen Jasangarriko arloak gogorarazi du gorosti-banaketan izena emateko epeak zabalik jarraituko duela otsailaren 25era arte. “Etorkizuna gara. Gorosti bat, elkarrekin hazteko” ekimenaren zortzigarren edizioa da aurtengoa, eta 2023an Irunen jaiotako haurrek eta haien familiek parte hartu ahal izango dute. Ekitaldi horretan,  gorosti bana emango zaie, eta martxoaren 16an egingo da ekitaldi hori, larunbatarekin, udaletxeko arkupeetan.

Izena eman beharra

Parte hartu nahi duten familiek izena eman beharko dute 010 telefonora deituta edo udalaren webgunearen bidez.

Izena emateko aldia bukatutakoan, txandak egingo dira gorostia jasotzeko. Familiei posta elektroniko bat bidaliko zaie, landarea zein egunetan eta ordutan jaso behar duten esateko.

Gorostia, oparotasunaren sinbolo

Gorostia oso espezie moldakorra da, labore- eta bizi-baldintzei dagokienez, eta oraingo honetan, aukera egokia da ingurumen-arrazoiengatik, estetikagatik eta praktikotasunagatik. Gorostia bertako edozein baso-motatan eta itsas mailatik edozein altueratan hazi daiteke. Ingurumen-balio bereziki garrantzitsuak ditu negurako; izan ere, fruituek ematen duten elikagaia eta estalki iraunkorrak eskaintzen duen babesa garrantzitsuak dira, fauna basatiaren populazioak mantentzeko eta sustatzeko.

Parte-hartzaileek hainbat helburutarako erabil ditzakete gorosti-landare horiek; esaterako, beren erabilerarako izan daitezke, edukiontzi batean edo lursail pribatu batean jarrita, edo baso-partzela publikoetan birlanda daitezke, horretarako behar den tamaina lortzen dutenean.

Sinbologiari dagokionez, ohituraren arabera, gorostiak zorte ona eta oparotasuna ziurtatzen ditu. Benetako talisman bat ere bada, negatibotasunari aurre egiteko, eta espiritu gaiztoak uxatzen ditu. Horregatik, askotan, eta batez ere Eguberrietan, etxeen sarrerako atean jartzen da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude