‘Familia Ola’ programaren otsaileko eta martxoko jardueretan izena emateko epea zabalik dago

Irungo Udaleko Euskara Zerbitzuak Familia Ola proiektua martxan jarri dute berriro. Horrela, otsailean eta martxoan egingo diren jardueretan parte hartzeko izen ematea ireki dute. Interesdunek otsailaren 13ko 14:00etara arte eman dezakete izena, tailer bakarrean eta irteeran.

Azarotik maiatzera arte, 2-8 urteko haurrak dituzten familientzako jolasak, tailerrak eta irteerak antolatzen dira. Egitasmoak leku formaletatik kanpo euskararen erabilera normalizatzea du helburu (esaterako, eskolatik kanpo). Horretarako, familia euskaldunentzako eta euskararen erabilera sustatu nahi dutenentzako aisialdiko jarduerak eskaintzen dira. Egitasmoan parte hartzeko erabiltzaileek Irunen erroldatuta egon behar dute, edo, bestela, Irungo ikastetxe batean matrikulatuta.

Otsaileko eta martxoko programazioa

Otsailean eta martxoan 3 ekintza egingo dira guztira. Sukaldaritza tailerra, otsailaren 24an eta 26an, 17:30etik 19:00etara, Dunboa ikastetxean. Martxoaren 3an eta 5ean berriz, ingurumenari buruzko jolasak 17:30etik 19:00etara, Eguzkitza ikastetxean, animaliei, elikagaiei, harremanei… buruzko jolasak eginez. Azkenik, otsailaren 28an, Zirkuolara (Adunara) irteera egingo dute, goizez, zirku modalitateak bertatik bertara ezagutzeko. Tailerretan, familia bakoitzeko guraso bakarrak parte har dezake, baina, irteeran, biek.

Esleipena optimizatzeko, aurten, tokiak ez dira banatuko izena eman ahala. Aitzitik, eskaera guztiak jasoko dira, eta, tailer baterako edo irteerarako eskaria handiagoa bada eskaintza baino, zozketa egingo da. Behin izena emateko epea bukatuta eta egin beharreko zozketak eginda, mezu bat bidaliko zaie izena eman dutenei, tokia egokitu zaien edo itxaron-zerrendan dauden jakinarazteko. Gero, bajarik badago, itxaron-zerrendako ordenaren arabera esleituko dira toki hutsak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude