Adineko pertsonen isolamendua prebenitzeko antolatutako tailerretan izena eman daiteke jada

Gizarte Ongizateko Arloak Isolamendua Prebenitzeko Programa martxan dago, martxan diren tailerretan izena emateko aukerarekin. Programaren barneko lehen tailerrak abian daude jada eta ekainean amaituko dira. Irailetik abendura bitartean tailerren bigarren faseari ekingo zaio.

Gaur goizean, Josu Iguiñiz ordezkariak eta Amagoia Caballero tailerretako psikologoak, parte hartzen duten hainbat pertsonekin batera, programaren xehetasunak aurkeztu dituzte. Izena emateko baldintzak betetzen dituzten edo programan sartu nahi duten pertsonek Amagoia Caballerori dei diezaiokete (673 021 994).

Programa biztanle zehatz batzuk ditu xede: 75 urte baino gehiago duten eta Irunen bakarrik bizi diren pertsonak; 75 urte baino gehiago duten eta iaz bakarrik bizitzen hasi ziren pertsonak; 75 urte baino gehiago duten eta bakarrik bizi diren pertsonak, zeinek ez baitute laguntza sozialik, eta Gizarte Ongizatearen arabera arreta behar baitute, beren egoera edo inguruabar partikularrak direla-eta.

Gizarte Ongizateko ordezkariak, Josu Iguiñizek, honako hau adierazi du: “Nahi gabeko bakardadea gizarte osoari eragiten dion arazoa da. Gure asmoa da gure inguruko adinekoek bizitza aktiboa izatea, harreman osasuntsuekin, eta parte hartzea hiriko jardueretan. Programa hau funtsezkoa da; izan ere, pertsona horiei aukera ematen die interesgarriak izan daitezkeen baliabideei buruzko lehen eskuko informazioa eskuratzeko. Horrekin batera, beren sare sozialak sustatzea eta zabaltzea ahalbidetzen die, bai eta zahartze aktiboagoa izatea ere”.

Bakardadetik tailerretara

Lehenik eta behin, gutunak bidaliko dira jakinarazteko Amagoia Caballero, programaz arduratzen den psikologoa, telefonoz jarriko dela harremanetan lehen aipatutako pertsonekin. Amagoiak banakako elkarrizketa pertsonal bat egitea proposatuko die, etxean edo Luis Mariano Gizarte Zentroan, betiere pertsonak horretarako prest badaude. 2025ean 323 gutun bidali ziren, eta 81 elkarrizketa kliniko egin. Guztira, 79 pertsonak parte hartu zuten tailerretan.

Tailerrak astero

Elkarrizketetan, Amagoiak elkarrizketatuarentzat interesekoak izan daitezkeen udal baliabideak helaraziko dizkio, haren egoera kontuan hartuta. Horrekin batera, psikologoak ematen dituen estimulazio kognitiboko asteko tailerretan parte hartu ahal izateko aukera eskainiko zaie. Tailer horiek astero egingo dira, eta bakoitzak ordu eta erdi iraungo du. Hona hemen gizarte-zentroetan eta auzo-elkarteetan egingo diren bileren egutegia:

  • Palmera-Montero: Astelehenetan, 10:00etatik 11:30era bitartean.
  • Iraso: Asteazkenetan, 10:00etatik 11:30era bitartean.
  • Lekaenea: Asteazkenetan, 12:00etatik 13:30era bitartean.
  • Elitxuko auzo-elkartea: Astelehenetan, 16:00etatik 17:30era bitartean.
  • Artiako auzo-elkartean: Astelehenetan, 10:00etatik 11:30era bitartean.

Horietan hainbat trebetasun landuko dira, askotariko jardueren bitartez: arreta, kontzentrazioa, hizkuntza, funtzio exekutiboak eta trebezia sozialak, besteak beste. Arreta berezia jarriko da emozioen kudeaketari, asertibitateari, komunikazioari, entzute aktiboari eta enpatiari.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude