2023an jaiotako haurrengatik gorostiak jasotzeko izen ematea hasi da

Gaur, otsailaren 5ean, 2023an jaiotako haurrengatik gorostien banaketan izena emateko epea hasi da. Irungo Udaleko Garapen Jasangarriko Arloak antolatzen du ekimena, eta, aurten, zortzigarren edizioa izango da. “Etorkizuna gara. Gorosti bat elkarrekin hazteko” lelopean, aurreko urtean Irunen jaiotako haurrentzako eta berauen familientzako ekimena da, eta, aurten, martxoaren 16an izango da gorostiak banatzeko ekitaldia, larunbatarekin, udaletxeko arkupeetan.

Izena eman beharra

Ekimenean parte hartu nahi duten familiek izena eman behar dute, Udalaren webgunearen bidez,edo 010 telefonora deituta, otsailaren 25era arte. Behin izena emateko epea bukatuta, familiek gorostia jasotzeko txandak finkatuko dira, eta eguna eta ordua posta elektroniko bidez jakinaraziko zaie.

Oparotasunaren sinbolo

Gorostia oso aukera egokia da ekitaldi honetarako, ingurumen arrazoiak eta arrazoi estetiko eta praktikoak kontuan hartuta, eta, gainera, oso ondo moldatzen da askotariko hazkuntza eta bizi baldintzetara; izan ere, baso autoktono orotan eta itsas mailatik gorako altitude orotan haz daiteke.

Ingurumenaren ikuspegitik, neguan da bereziki baliotsua, beronen fruituek fauna basatia elikatzen baitute, eta beronen estalki iraunkorrak, hura babesten; horrela, populazioak mantendu eta ugalarazten ditu.

Ekitaldian parte hartzen duten familiek beren helburu partikularretarako erabil dezakete, loreontzi batean edo lursail pribatu batean landatzeko, edo, behin birlandaketa bideragarria izateko adina hazi direla, baso publikoetako lurretan landatzeko.

Sinbologiari dagokionez, azkenik, tradizioaren arabera, gorostiak zorte ona eta oparotasuna ziurtatzen ditu. Era berean, negatibotasunaren kontrako talismana da, eta espiritu gaiztoak uxatzeko ahalmena du; hori dela eta, askotan, eguberrietan batez ere, etxeko sarreran zintzilikatzen da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude