Zaisa Txingudik Arratiako Zekorren aurkako garaipen borrokatua lortu du

Argazkiak: Laura Selgas Sendra

Azkeneko 20 minutuetan markagailua irauli du Zaisa Txingudik Arratiko Zekorren aurkako garaipenean. Madarikatutako zelaia da Igorreko San Txisme Iñigo Camareroren mutilentzat. Txingudik bertan lortutako aurreko garaipena 2019an izan baitzen.

Mugakoen hamabostekoan Aritz Rodriguez, Aitor Asurmendi, Jon Sanchez, Hodei Guerrero, Jon Mediavilla, Javi Paredes, Hector Pescador, Asier Gonzalez, Ekain Hiribarren, Carlos Lora (kapitaina), Unax Dominguez, Roman Solis, Alberto Robleda, David Miguel eta Adur Manterola izan dira. Aulkitik Xabi Sanchez, Julen Iglesias, Carlos Perez, Andoni Quiñones eta Miguel Genuak hasi dute norgehiagoka. Epailea Julien Le Gall izan da.

Presioak beltz eta txurien aurka jokatu du eta Arratikok kontuan izan du. Bizkaitarrek defentsa oso sendoa erakutsi dute hasieratik eta aukera gutxi utzi dizkiote Txingudiri. Hala ere, mugakoak izan dira markagailuan aurrea hartu dutenak 18. minutuan Adur Manterolak makilen artean ostikatutako zigor kolpearekin (0-3). Txingudik diziplina mantentzen jakin du, baina erasoan egindako ahaleginekin ez du Arratikoren defentsa-lerroa haustea lortu. Etxekoek, atsedenaldira iritsi baino lehen, markagailua irauli dute entsegu eraldatu batekin (3-7).

Bigarren zatian Zekorrek kontzentratuago sartu dira zelaira eta aldea handitu dute zigor kolpe batekin 42. minutuan (3-10) eta entsegu eraldatu batekin zazpi minutu geroago (3-17). Etxekoek txartel hori bat jaso dute 60. minutuan taldeko zigor-kolpe gehiegi egiteagatik eta orduan berpiztu da Bidasoako taldea. Aurrelariak gertuago jokatzen hasi dira eta hiru-laurdenek konbinazioak amaitzen joan dira entsegua lortu arte. Kapitainak, Carlos Lorak, hagetatik gertu utzi du baloia eta Ekain Hiribarrenek ez du zailtasunik izan baloia sartzeko (10-17).

Hamar minutu geroago, beste jokaldi luze baten amaieran, Roman Solisek entsegu-eremuaren izkin batean utzi du baloia. Adur Manterolak urrutitik sartu du eraldaketa markagailua berdintzeko (17-17). Topaketaren azkeneko minutuetan, Manterolak berak emaitza iraultzea lortu du zigor-kolpe batekin eta aldea oraindik gehiago handitzeko aukera izan du sartu ez den bigarren batekin (17-20).

Garaipen honekin, Txingudi goiko postuetara hurbiltzen da liga amaitzeko 6 jardunaldi falta direlarik. Datorren astean aurkari zuzen bat, Zarautz B/Beltzak, jasoko du Plaiaundin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude