Irungo Udalak, Bidasoa biziriken-ren bitartez, “Datuaren kudeaketa enpresan” ikastaroa antolatu du eskualdeko industria-ehunari zuzenduta. Ikastaro hau Irun Ekintzan-ek sustatzen dituen ekintzen barruan kokatzen da.
“Bidasoa bizirikek harreman zuzena du eskualdeko enpresa industrialekin, eta bilera eta topaketa horien ondorioz, zenbait gairi buruzko prestakuntza jasotzeko beharra eta nahia antzeman da, besteak beste, datuen kudeaketari buruzkoa. Eta, hain zuzen ere, hortik sortu zen ikastaro hau abian jartzeko ideia” adierazi du Miguel Angel Paez Bidasoa bizirikeko lehendakariak. Horrez gain, ikastaro honetan, parte-hartzaileek datuak ateratzeko eta baloratzeko tresnak eskuratu dituzte, proiektu potentzialak identifikatzeko eta negozioaren errentagarritasuna hobetzeko.
Mondragon Unibertsitateko Business Data Analytics Graduko irakasleek eman dute ikastaroa, eta, bertan, parte-hartzaileei beren enpresak sortzen dituen datuen erauzketari eta kudeaketari buruzko ezagutzak handitzen lagunduko dien edukia landu dute, horiek kudeatu eta ezar daitezkeen proiektuak identifikatu ahal izateko. Gainera, Business Model Canvas, Roadmap edo Power BI bezalako tresnekin lan egin dute.
Ikastaroak zati praktikoa eta teorikoa izan ditu. “Oso aukera ona da enpresentzat, datu zehatzak ateratzen jakiteak, interpretatzen jakiteak eta, ondoren, garatzen diren proiektuetan aplikatzeak bakoitzaren errentagarritasuna eta eraginkortasuna hobetzen laguntzen baitie. Gainera, beste errealitate batzuk ezagutzeko, esperientziak partekatzeko eta networkinga egiteko aukera ere izan dute”, Paezek nabarmendu duenez.
Ikastaroa urtarrilaren 17an hasi zen Irun Factoryn, eta 35 orduko iraupena izan du. Guztira 7 saio izan dira, non alderdi teorikoa eta praktikoa landuko diren. Eztabaidarako denbora ere izan dute. Hiriko 7 enpresak hartu dute parte: Cauchopren, Dinuy, Bianditz tailer mekanikoak, Hazlan Irun, Mármoles Oiasso, Troqueles Neur eta Valvulas Zubi.
David Iglesiasek, Marmoles Oiasso enpresako gerenteak, azaldu duenez, “oso interesgarria eta didaktikoa izan da. Ikastaroan eskuratutako ezagutza eta baliabideei esker, dagoeneko egiaztatu ahal izan dut enpresaren daturen bat. Oso ikastaro gomendagarria da enpresa txiki eta ertainentzat, gauzak perspektibarekin ikusten laguntzen du.”
Miriam Fernandezek, Hazlan Irungo komunikazio arduradunak, gaineratu duenez, “Ikastaroak negozioaren ikuspegi berria hartzen lagundu digu. Gure kasuan, iragarpen-eredu batzuk praktikan jarri ditugu, bezeroei buruz genituen datuetan oinarrituta, lan-kargaren aurreikuspena egin ahal izateko. Ikastaroa oso gomendagarria da.”