Garaipenen asteburua izan dute Txingudi errugbi klubeko taldeek


Argazkia: Zaisa Txingudi eta La Unica Bren arteko partida (Egilea: Fermin Garaioa).

Garaipenez beteriko asteburua Txingudi errugbi klubeko bi talde nagusientzat. Biok Txingudik 29 eta 14 irabazi zuen Neskak Loratzenen aurka eta Zaisa Txingudik berbera egin zuen 13 eta 10 La Unicaren bigarren taldearen aurka.

Biok Txingudi etxean nagusi

Emakumezkoen taldearen hasierako hamabostekoan Lucia Duran, Gaxi Famoso, Maren Santa Cruz, Zumendi Caro, Saioa Gartzia, Lohitzun Aia, Maier Aia, Miren Fernandez, Leire Muñoz, Enara Arruti (kapitaina), Leizuri Pinaga, Gaia Morris, Onintza Burgera, Laida Rodriguez eta Paola Vega izan ziren. Aulkian Yaiza Garcia, Irati Lazkano, Luma Altube, Ainara Varela eta Naroa de la Fuenta hasi ziren. Partidako epailea Alberto García Collado izan zen.

Plaiaundiko zelai lokaztu eta izoztua ez zituen bi taldeen animoak baretu eta hasieratik atera ziren gogotsu. Bizkaitarrak izan ziren iniziatiba hartu zutenak eta lehenengo minutuak Txingudiren entsegu-eremutik gertu eman zituzten. Etxekoak defentsan ondo ibili ziren eta, bisitarien akatsekin konbinatuta, egoerari buelta ematera lortu zuten.

16. minutuan lortu zuten mugakoek saria, zigor kolpe bat azkar atera eta fase ezberdinak lotu ondoren, Gaxi Famosok lehenengo marka lortu zuen, Enara Arrutik segidan eraldatu zuena (7-0).

Biok Txingudiren nagusitasunak jarraitu zuen eta, 28. minutuan, bizkaitarren 22ko eremuan izandako mele baten ostean, Enara Arrutik abagunea aurkitu eta entsegua lortu zuen. Arrutik berak eraldatu zuen ondoren (14-0).

Zelaiaren egoerak ez zuen eskurako jokoa errazten eta Txingudik etekina atera zion joko itxia menderatuz. Partida atsedenaldira iristear zegoela, azkar ateratako beste zigor kolpe baten ondoren, Miren Fernandezek hirugarren entsegua lortu zuen (19-0).

Bigarren zatia parekatua hasi bazen ere, pixkanaka Biok Txingudik bereganatzen joan zen baloia. Honela, 47 minutuan, Naroa de la Fuentek etxekoen laugarren entsegua lortu zuen (24-0).

Hurrengo minutuetan Txingudik emaitza lotzeko lana egin behar izan zuen eta Neskak Loratzenen jokoak gora egin zuen. 62. minutuan, eta bizkaitarrek bost minutu lehenago aldi baterako kanporaketa jaso bazuten ere, lehenengo zazpi puntuak eskuratu zituzten entsegu eraldatu baten bidez (24-7). Hamar minutu beranduago, kanpokoek etxekoen defentsan zuloa berriz aurkitu zuten beste entsegu bat eta eraldaketa lortzeko (24-14).

Azkenengo minutuetan, Neskak Loratzenek gaizki ateratako zigor kolpe baten ondoren, baloiaren jabetza etxekoengana bueltatu zen. Enara Arrutik eta Naroa de la Fuentek abagunetik sartu eta azken honek markagailua finkatu zuen azkeneko marka lortu zuen (29-14).

Garaipen honekin, Euskadiko Txapelketa jokatzeko postuan sartu da bete-betean Biok Txingudi, seigarren sailkatuz 26 punturekin. Orain, hiru astez hartuko dute atsedena Bera Bera/Ordiziaren aurka jaso arte lehenengo faseko azkeneko jardunaldian.

Plaiaundin mendera ezin Zaisa Txingudi

Zaisa Txingudik oraindik ez daki zer den etxean galtzea. Gainera, La Unica Bk Iruñean emandako jipoiari erantzun nahi izan zioten Iñigo Camareroren mutilek larunbateko norgehiagokan.

Javi Paredes, Aitor Asurmendi, Jon Sanchez, Hodei Guerrero, Xabi Sanchez, Iker Tejero, Hector Pescador, Asier Gonzalez, Ioritz Franco, Carlos Lora (kapitaina), Ekain Hiribarren, Roman Solis, Adur Manterola, Alberto Robleta eta Teo Arruti izan ziren Zaisa Txingudik hasieran zelairatutako jokalariak. Julen Iglesias, Javier Perez, David Miguel, Iñaki Lantxo, Andoni Quiñones, Jenö Kocsis eta Mikel Genua aulkian hasi ziren. Epailea Pablo Pascual izan zen.

Iruindarrak hasieratik zabaldu zuten beraien jokoa joaneko partidan Txingudik erakutsitako gabeziak aurkitzeko asmoz. Hala ere, mugakoek jokoaren irakurketan aurrerapauso handiak egin dituzte azkeneko lehietan eta segituan gelditu zituzten nafarren erasoak. Izan ere, 7. minutuan markagailuan aurreratzeko aukera izan zuen, uztartze baten ondoren Ioritz Franco entsegu-eremura iritsi ondoren. Aurkari batek ez zion baloia eremua uzten utzi eta, hortaz, entseguak ez zuen balio izan. Hogei bat minutu geroago, egoera bera errepikatu zen mele-erdilariaren eskutik eta, orduan ere, entseguak ez zuen balio izan.

Kanpokoak izan ziren puntuak egiten lehenak 9. minutuan. Javi Paredes Txingudiko jokalariak 10 minutuko kanporaketa jaso ondoren, La Unicak entsegua lortu zuen (0-5).

Markagailuan atzetik joanda ere, Zaisa Txingudi lan txukuna egiten ari zen, defentsan zein erasoan, metroak irabaziz baloiaren jabetza zutenean.

30. minutuan, makilen aurrean izandako zigor kolpe bat gauzatu zuen Adur Manterolak aldea murrizteko (3-5).

Bigarren zatian gogotsu atera ziren Camareroren jokalariak emaitza iraultzea. 50. minutuan, entsegu-eremutik gertu zegoen mele batetik ateratzean, Asier Gonzalezek lehenengo entsegua lortu zuen. Adur Manterolak baloia makilen artean pasatzea lortu zuen 10 eta 5ekoa ipiniz.

Baina kanpokoek ez zuten etsiko eta, alboko sake batean maul bat egin ondoren, bigarren marka lortu zuten emaitza berdintzeko (10-10).

Jokoa oso berdinduta zegoen, baina Zaisa Txingudik abantaila txiki bat zuen aurkariarengan eta aprobetxatzen jakin zuen. Defentsa zulatzeko ahaleginak ez zuten fruiturik eman, baina amaitzeko 8 minutu falta zirela, Adur Manterolak azkeneko puntuak eskuratu zituen makilen artean pasatako zigor kolpe batekin (13-10).

Garaipen honekin, Zaisa Txingudik La Unicarekin sailkapenean zuen aldea murriztu du eta laugarren postuan finkatu da. Datorren astean ez da ligarik izango eta, hurrengoan, denboraldiko partidarik zailenetakoa jokatu beharko du Igorren Arratiko Zekorren aurka.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude