Txingudiko errugbi taldeek aurkarien bisita jasoko dute asteburu honetan Plaiaundin

Argazkia: La Unica B eta Zaisa Txingudiren arteko partidako argazkia (Egilea: Fermin Garaioa – Piperra).

Txingudi Errugbi Klubeko Zaisa Txingudi eta Biok Txingudi taldeek aurkarien bisita jasoko dute Plaiaundin. Zaisa Txingudik ligako bigarren itzulia etxean hasiko du La Unica Bren aurka. Biok Txingudik Mungia eta Getxoko jokalariek osatutako Neskak Loratzen taldea izango du aurkari.

Biok Txingudi

Biok Txingudi taldeari bi partida falta zaizkio ligako lehenengo fasea amaitzeko eta txapelketarengatik lehiatzeko aukerak oraindik eskura ditu. Zortzigarren sailkatzen da mugako taldea 21 punturekin, Arrasate/Eibar B zazpigarrenarekin berdinduta eta Elorrio/Urgozo seigarren sailkatutik 3 puntura. Fase hau amaituta, lehenengo sei sailkatuek Euskadiko txapelketa eta Ohorezko B mailara igotzea izango dute jokoan.

Horretara iristeko, Biok Txingudik ezinbestekoa du larunbatean 12:00etatik aurrera jokatuko duen norgehiagoka irabaztea. Pasa den astean Logroñon garaipena lortu zuten blokeari Maier Aia gehituko zaio, sorbaldeko lesio batetik errekuperatuta.

Zaisa Txingudi

Zaisa Txingudik La Unicaren bigarren taldearen aurka jokatuko du larunbatean ere 16:00etatik aurrera. Beltz eta zuriek denboraldia kaxkar hasi zuten baina, pixkanaka, hobera egin dute txapelketako lehenengo zatia 3 garaipen eta berdinketa batekin amaituz. Iruñean jokatutako partidan, nafarrak jaun eta jabe izan ziren eta ez zuten errukirik izan Txingudirekin. Egun horretako emaitza, 69 eta 10, ez dator bat gero bi taldeek erakutsitako mailarekin, bi taldeen artean 5 puntuko ezberdintasuna baitago sailkapenean, iruindarrak hirugarren eta mugakoak laugarren sailkatzen direlarik. Aurten ere, ligako txapeldunak Euskadiko lehenengo mailara igoera zuzena lortuko du eta bigarren sailkatuak igoera play offa jokatuko du.

Taldeak ez du porrotik jasan Plaiaundin denboraldi honetan eta ildo berean jarraitu nahi du.

Gipuzkoako selekzio gazteak

Lurraldeko mutilen 13 urte azpiko eta 14 urte azpiko eta nesken 15 urte azpiko eta 18 urte azpiko selekzioak martxan izango dira ere egun hauetan.

Emakumezkoenei dagokienez, Murtziako selekzioaren aurka partida bana jokatuko dute Eibarren. 15 urte azpikoek larunbatean 13:30etan hasiko dute lehia eta, bertan, Txingudiko hiru jokalari izango dira: Helene Tristan, Paula da Purificaçao eta Greta Gutierrez. 18 urte azpikoak, bestalde, igandean arituko dira 10:00etatik aurrera eta mugako bost jokalari sartu dira deialdian: Aitana Garrido, Gaia Morris, Lohitzun Aia, Luma Altube eta Maider Diaz.

Gizonezkoen taldeei dagokionez, igandean entrenatuko dute Mutrikuko San Miguel zelaian. Deialdi honetan, zazpi jokalari bidasotar daude: Giovani Ciurar, Oihan Echeveste, Galder Eizaguirre, Urtzi Arrieta, Justin Duarte, Jonathan Guerrero eta Mattin Petrikorena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude