
Zaisa Txingudik liga jardunaldi berria jokatuko du larunbat honetan 16:00etatik aurrera, Euskal bigarren mailako liderraren etxean, hain zuzen ere. Bilbora bidaiatuko du taldeak Nerbioi-Uni Bilbo C taldearekin indarrak neurtzeko, jakinda ez dela batere erraza izango.
Mugakoek Bilbon jokatu zuten azkeneko partida etxekoek irabazi zuten azkeneko minutuan lortutako zigor kolpe batekin markagailua irauliz. Gainera, bilbotarrek liga modu ezin hobean hasi duten lehenengo lau norgehiagoketan lau garaipen eskuratuz.
Iñigo Camarerok jokalari guztiak zelairatu ahal izango ditu hiru izan ezik, Odei Alonso, Aitor Asurmendi eta Andoni Quiñones, lesionatuta daudela.
Zaisa Txingudiko kideek denboraldiko lehenengo garaipena lortu nahi dute, liga hasiera kaskarra zuzentzeko. Orain arte, bi partida galdu eta bat irabazi dute, jardunaldi horretako aurkaria ez baitzen agertu.
16 urtez azpiko taldea
Bilboko taldearen aurka ere arituko dira Txingudi gazteak baina etxetik ez hain urrun, Lekarozen. Txingudik eta Baztan Menditarrakek osatzen duten taldea Uni Bilbo B jasoko du Baztango errugbi zelaian 11:00etatik aurrera. Bi taldeek ligako C multzoko azkeneko postuetan daude, hortaz, gogor arituko dira puntuak gehitzeko.
Txingudiko gainontzeko taldeek atsedenaldia izango dute asteburu honetan.
Euskadi eta Gipuzkoako selekzioekin hautatuak
Datozen egunetan, Euskadiko sub 16 eta Gipuzkoako sub 13, sub 14 eta nesken selekzioek entrenamenduak ospatuko dituzte eta, guztietan, Txingudiko jokalariak izango dira. Euskadiko Autonomien Selekzioen txapelketa prestatzen jarraituko du astelehenean, hilak 13, Zarautzen eta Aritz Arrieta deitua izan da.
Gipuzkoako konbinatuak, aldiz, Plaiaundin bilduko dira larunbatean 9:30etatik aurrera saio bikoitza egiteko eta Txingudiren ordezkaritza handia izango da. Sub 13 taldearekin Unai Aizpurua, Giovani Ciurar, Oihan Echeveste, Galder Eizagirre, Oier Galvez, Mick Little, Urtats Mendizabal eta Urko Prieto arituko dira eta, sub 14ekin, Urtzi Arrieta, Justin Duarte, Jonathan Guerrero eta Mattin Petrikorena izango dira.
Igandean, Gipuzkoako emakumezkoen selekzio gaztearen entrenamendua ere izango da Eibarko Unbe zelaian. Deialdi honetara Biok Txingudik bost jokalari bidaliko ditu: Lohitzun Aia, Luma Altube, Gaxi Famoso, Maddi Garmendia eta Helene Tristán.



