Jaizubia Zaldiketa Eskolak Pottoka Eguna ospatuko du irailaren 13an

Gipuzkoako Pottokazaleen Elkarteak eta Jaizubia Zaldiketa Eskolak Pottoka Eguna antolatu dute datorren irailaren 13rako Jaizubiko instalazioetan. Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin antolatutako jardunaldi honen helburu nagusia gure bertako arraza ezagutaraztea eta familia osoarentzako jaiegun parte-hartzailea eskaintzea da. Goizeko 10:00etan hasi eta arratsaldeko 15:00ak arte, bertaratzen direnek pottokak gertutik ezagutzeko eta hainbat jardueraz gozatzeko aukera izango dute.

Egun osoko egitaraua 10:00etan abiatuko da zaldiketa-bautismoarekin; bertan, parte-hartzaileek pottokak eskutik eraman eta haien gainean ibiltzeko esperientzia bizi ahal izango dute. Jarraian, 11:00etan, pottoken jauziak ikusi ahal izango dira askatasunean, eta 11:30ean bertako arrazaren ezaugarriei buruzko solasaldia egingo da. Goiza amaitzeko, 12:00etan pottoka lasterketa egingo da, eta 12:40tik 14:00etara oztopo jauzien erakustaldiaren txanda izango da.

Erakustaldiez eta ibilaldiez gain, topaketak beste hainbat proposamen osagarri ere bilduko ditu esperientzia borobiltzeko. Besteak beste, pottokak zaintzen eta orrazten ikasteko garbiketa zein txibikordatze-tailerra eskainiko da, eta bertaratutako guztien artean zaldiketa-eskola ikastaroen zozketa berezia egingo da. Antolatzaileek herritar guztiak gonbidatu dituzte Jaizubira gerturatzera eta bertako arrazarekin egunaz gozatzera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude