Irungo Udaleko Gizarte Ongizate arloak 25 jardueraz osatutako egitarau zabala prestatuko du irailean zehar hiriko adinekoen espazioetan. Ekimen honen helburu nagusia adineko pertsonen aktibotasuna, jendartean egotea eta komunitate-bizitza bultzatzea da, askotariko tailer, txango zein kultur proposamenen bidez. Hiriko zentro guztiek hartuko dute parte: Anaka-Puiana, Behobia, Belaskoenea, Iraso, Lekaenea, Luis Mariano, Palmera Montero, San Migel eta Katea, adin-talde honi aisialdi osasuntsu eta hurbila bermatuz.
Anaka-Puiana eta Behobiako zentroetan zinemak eta ospakizunek hartuko dute protagonismoa. Anaka-Puianan irailaren 1ean Laguntasunaren Eguna ospatuko dute 18:00etan sormen-terapia eta argazkigintza erakusketarekin, eta irailaren 4an “Abuela tremenda” filma proiektatuko dute 17:30ean. Behobian, berriz, irailaren 25ean izango dute zinema-saioa, “Poliamor para principiantes” filmarekin 17:30ean. Belaskoenean eta Irason kultur irteerak eta tailerrak gailenduko dira.
Belaskoenekoei dagokienez, irailaren 9an Jantziaren Zentrora egingo dute txangoa 17:00etan. Irasoko espazioan hiru proposamen izango dira: bisita gidatua Irugurutzetako meategira irailaren 4an (16:30), udazkeneko loreen tailerra irailaren 21ean (17:00) eta Zer ospatzen da gaur? ekimenaren irakurraldi berezia irailaren 30ean (18:00). Lekaenean eta Luis Marianon jarduera fisikoak zein erakusketak bildu dituzte.
Lekanean fitness-dantza saioa egingo dute irailaren 15ean (16:30) eta Nagusikletaren osteratxoa irailaren 17an (16:30). Luis Marianoko zentroan, berriz, Oiasso Museora joango dira irailaren 17an (17:00) Ars fatum. Personas que falam erakusketa ikusteko, eta Gorilen Mundu Egunari zein Dian Fosseyri eskainitako irakurraldia egingo dute irailaren 24an (17:00).
Palmera Monteroko kideek hurbileko inguruak ezagutzeko irteerak egingo dituzte; izan ere, 16:30ean abiatuta paseoak egingo dituzte Hondarribira irailaren 2an eta Hendaiara irailaren 9an. Horrez gain, irailaren 25ean “Sorda” filma ikusteko aukera izango dute 17:30etik aurrera.
San Migeleko zentro berriak egitarau zabala izango du Emigrazio Eraikinean inauguratu berri den espazioan. Irailaren 3an (16:30) Palmera Monterora joango dira errealitate birtualeko betaurrekoak probatzera, eta irailaren 4an nahiz 25ean (17:00) lineako dantzako entseguak egingo dituzte Katean. Irailaren 11n (17:00) Udazkenean Gogoz ikasturte hasierako jaialdia ospatuko dute. Irailaren 19an (17:00) “Más vale sola que mal” acompañada filma emango dute, eta hilaren 26 zein 27an auzoko jaiak ospatuko dituzte bolo txapelketarekin, etxeko postren lehiaketarekin eta bingo bereziarekin.
Azkenik, Kateko zentroan mugikortasuna eta dantza izango dituzte ardatz. Irailaren 18an (18:15) lineako dantzako entsegua egingo dute San Migeleko kideekin batera. Bide-hezkuntza sustatzeko, berriz, bizikleta erabiltzen ikasteko tailerra antolatu dute irailaren 21ean (16:00) Ibarlako pistan, eta hilaren 28an (17:00) saio praktikoa egingo dute auzoan barrena.



