
Bidasoa Kirol Elkarteak ezin hobeto ekin dio denboraldiari, ASOBAL Ligako lehen bederatzi partidak garaipen bihurtuta. Erabateko garaipen-sorta horrek taldearen kirol-egoera bikaina berresteaz gain, klubaren historiako denboraldi-hasierarik onena bilakatu du eskubaloiaren maila gorenean.
Klubak nabarmendu duenez, marka historiko hori lehiaketako lehen txanpa honetan erakutsitako erregulartasunaren, lehiakortasunaren eta anbizioaren isla da, eta egutegiaren exijentzia handia kontuan hartuta are meritu handiagoa hartzen du. Izan ere, IRUDEK Bidasoa Irun ASOBAL Liga eta EHF European League uztartzen ari da aldi berean, eta Europako lehiaketa gorenean ere bere mailarik onena ematen ari da, bi txapelketek dakarten erronka fisiko, mental eta kirol-arlokoa behar bezala kudeatuz.
Emaitza bikain hauen atzean lan kolektibo sendoa dagoela azpimarratu du elkarteak. Alde batetik, Julen Aginagaldek gidatutako kirol-zuzendaritzaren plangintza eta kirol-arlo guztien arteko koordinazioa goraipatu ditu klubak, bai eta Álex Mozas entrenatzailearen eta haren lantalde osoaren eguneroko lana ere, partida bakoitzaren prestaketan eta jokalariengandik errendimendurik handiena ateratzeko gaitasunean oinarrituta. Bestetik, aipamen berezia egin zaio jokalarien konpromisoari, elkartasunari eta talde gisa lehiatzeko gaitasunari. Era berean, klubak eskerrak eman dizkie gaur egun proiektuaren gidaritzan jarraitzen duten pertsonei zein duela gutxi beren etapa amaitu dutenei, egindako ahaleginagatik eta dedikazioagatik.
Azkenik, Bidasoa Kirol Elkarteak adierazi du hasiera historiko hau harrotasun-arrazoia dela Bidasoako zaleentzat ere, haien babesa taldearen motor nagusietako bat eta klubaren nortasunaren funtsezko osagaia izaten jarraitzen baitu. Denboraldia amaitzeko oraindik bide luzea geratzen den arren, bederatzi jardunalditan lortutako bederatzi garaipenek leku berezia hartu dute dagoeneko Irungo klubaren historian.



