Lehorteagatiko aurrealerta aktibatu dute Bidasoa Beherean eta Jaizkibelgo putzuak martxan jarri dituzte

Txingudiko Zerbitzuak erakundeak lehorteagatiko aurrealerta adierazlea aktibatuta dauka Bidasoa Beherean joan den urriaren 19az geroztik, Endarako urtegiaren edukiera urte-sasoi honetarako erreferentzia den % 70etik behera kokatu ostean (gaur egun % 63an dago). Egoera horren aurrean, erreserbak motelago husteko helburuarekin, erakundeak Jaizkibelgo putzuak jarri ditu martxan, historian lehen aldiz herritarrak urez hornitzeko. Orain arte, putzu horiek mantentze-lanetarako baino ez zituzten erabili. Egun, iturburu horiei esker, Jaizkibelek Irunera eta Hondarribira iristen den uraren erdia baino gehiago ematen du dagoeneko.

Martxan jarritako azpiegitura horiek 2005-2015 Hamar Urteko Inbertsio Planaren barruan diseinatutako Jaizkibel Elordi hornidura-proiektuaren parte dira. 2011 eta 2012 artean gauzatu ziren lanak, 8,1 milioi euroko inbertsioarekin —Txingudiko Zerbitzuak-ek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak erdibana finantzatuta—. Orduan, sei putzu berri eta Elordiko tratamendu-estaziorainoko 14,4 kilometro hodi eraiki zituzten, Jaizkibelen ura hartzeko ahalmena segundoko 97 litrotik 210 litrora handituz, lehorte garaietan eskualdeko hornidura bermatzeko eta Endararekiko menpekotasuna murrizteko.

Uraren kontusmo arduratsurako deia

Egoera aurrealertakoa izan arren, erakundeak argitu du oraingoz ez dagoela inolako murrizketarik ezarri beharrik, eta ura normaltasunez iristen ari dela etxe guztietara. Cristina Laborda Txingudiko Zerbitzu Mankomunitateko presidente eta Irungo alkateak lasaitasun-mezua helarazi du: «Egoera honi aurre egiteko prest gaude, eta datozen asteetan gertutik jarraituko dugu urtegiaren bilakaera». Hala ere, prebentzio-neurri gisa, ura arduraz eta zentzuz erabiltzeko gomendioa luzatu die herritarrei.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude