Txingudiko Zerbitzuak mankomunitateak ‘ExpoRetrete‘ erakusketa berreskuratu du, eskualdeko saneamendu-sarea arduraz erabiltzearen garrantziaz herritarrak ohartarazteko asmoz. Aurreko edizioetan harrera ona izan zuen erakusketa berrituta itzuli da Irungo Mendibil merkataritza-gunera; gaurtik hasi eta azaroaren 20ra arte egongo da zabalik, merkataritza-gunearen ohiko ordutegian, 09:00etatik 21:00etara. Ekimenak, gainera, bat egingo du azaroaren 19an ospatzen den Saneamenduaren Munduko Egunarekin.
‘Komuna ez da zakarrontzia’ lelo nagusitzat hartuta, erakusketak hustubideetatik botatzen diren hondakinek azpiegituretan eta naturan sortzen dituzten kalteak bistaratzen ditu, toailatxo hezeei arreta berezia eskainiz, baina baita janari-soberakinek, koipeek, olioek, sendagaiek, garbiketa-produktuek edo pinturek eragindako buxadurak eta kutsadura azalduz ere.
Erakusketa interaktiboa
Bisita merkataritza-guneko bi solairutan banatuta dago. Alde batetik, -1 solairuan (BM supermerkatuaren parean), panelek uraren ziklo integrala azaltzen dute, baita janaria edo produktu kimikoak harraskatik zein komunetik botatzearen ondorioak ere. Bestetik, 0 solairuan, komuna bera da ardatza, eta bertan norberaren higienerako, haurtxoak garbitzeko edo makillajea kentzeko toailatxoek eta paper hezeak saneamendu-sarean eragiten dituzten arazo larriak jorratzen dira. Erakusketak izaera parte-hartzailea du: bisitariek ura eta toailatxoak dituzten ontziak astindu, puzzleak osatu, benetako hodiak ukitu, imanak mugitu eta hainbat erronka ebatzi ahal izango dituzte. Gainera, panel guztiek QR kodeak dituzte mugikorretik audiogida entzuteko, eta horretarako antolatzaileek entzungailuak eramatea gomendatzen dute.
Erakundearen ordezkariek herritarren eguneroko ohituren garrantzia azpimarratu dute aurkezpenean. Cristina Laborda Txingudiko Zerbitzuak-en Mankomunitateko lehendakariak adierazi du hondakinak etxetik desagertu arren sarean arazo larriak sor ditzaketela eta ibaiak zein itsasoa kutsa ditzaketela, eta hori saihesteko gakoa etxeko jokabideak aldatzea dela. Ildo beretik, Igor Enparan Mankomunitateko lehendakariordeak gogorarazi du hondakin bakoitza dagokion tokian utzi behar dela, eta Leire Zubitur gerenteak gaineratu du mantentze-lanetan inoiz iritsi beharko ez liratekeen elementuak topatzen dituztela maiz, hala nola olioak eta toailatxoak. Hori dela eta, Txingudiko Zerbitzuek dei egin die Irungo eta Hondarribiko bizilagunei erakusketa bisitatu eta jardueretan parte har dezaten.



